Bizkaiko sokatira berpizteko helburua duen topaketa egingo dute Abadiñon, domekan

Joseba Derteano 2019ko api. 13a, 09:30

Federazioak gazteen mailako txapelketa antolatuko du probalekuan. Batuko diren sei taldeetatik bi eskualdekoak dira: Abadiño eta Iurretako HEKI.

Bizkaiko sokatirak behera egin azken urteetan. Tiralari nagusiak uzten doazen heinean, atzetik ez dator erreleborik. Horregatik, Bizkaiko herri kirol federazioak ahalegin berezia egingo du aurten eskola kiroleko harrobia lantzen. Gazte mailako hainbat topaketa antolatuko dituzte eta lehenengoa Abadiñoko probalekuan izango da, domekan, 12:00etan.

12 eta 18 urte arteko sei talde batuko dira. Euretako bat Abadiñokoa da. Aurten Abadiño Sokatira Taldeak ez du goma gaineko Euskal Herriko txapelketan parte hartu ez zegoelako tiralari nahikorik. Harrezkero, gazte talde bat batzea lortu dute eta astero entrenatzen dira. Iurretako HEKI herri kirol elkarteak ere gogotsu hartu du sokatira eta Zeanurin izan zen erakustaldi batean parte hartu zuen, besteak beste. Gaztedi, Goierri, Gernika eta Getxoko taldeek osatuko dute seikotea.

Bestelako herri kirol modalitateen erakustaldiak ere izango dira probalekuan: ingude jasotzea, saku eramatea eta lokotx bilketa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!