Tiralari faltagatik, Abadiño Sokatira Taldeak ez du Euskal Herriko txapelketan parte hartuko aurten

Joseba Derteano 2019ko ots. 1a, 16:45

2019a trantsizio urtea izango da Abadiño Sokatira Taldearentzat. Edo horrela espero dute, gutxienez, taldean jarraitzen dutenek. Tiralari faltagatik zabaldu duten parentesia datorren urtean ixtea dute helburu. Indarberrituta bueltatu gura dute, baina ez da seguru-segurua ere.

1991n taldea sortu zutenetik, goma gaineko Euskal Herriko Txapelketa urteroko hitzordua izan da abadiñarrentzat. Aurten arte. Iazko abenduan kostatu egin zitzaien tiralari nahikoa batzea Bizkaiko Txapelketan parte hartu ahal izateko. "Justu ibili ginen taldea osatzeko", onartu du Edu Mendizabal sokatira taldeko entrenatzaileak. Harrezkero, pare bat tiralari lesionatu egin dira. "Jenderik barik geratu gara. Lau-bost lagun batzen dira entrenamenduetan, eta horrela ezinezkoa da. Ea datorren urterako indarra hartzen dugun berriro", azaldu du Mendizabalek.

Euskal Herriko Txapelketan zein mundukoan zaku bete domina irabazi duen urrezko belaunaldia itzaltzen joan da apurka-apurka urteak joan ahala, eta atzetik ez da errelebo nahikorik agertu. "Ikusiko dugu datorren urtean. Gazte batzuk agertzen badira, edo lehengoei gogoa pizten bazaie, akaso!", aipatu du Mendizabalek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!