Mercadona: Abadiñori ezetza, baina Durangaldeari baietza

Anboto 2016ko eka. 10a, 09:40

Argazkia: Lehior Elorriaga

Mercadonak atzera bota du Abadiñon supermerkatua zabaltzeko asmoa. Ondorioz, udalaren planean aldaketak ekarriko ditu erabakiak; ostera, ez dirudi, momentuz, eskualdeko komertzioaren antolaketan eraginik edukiko duenik. Izan ere, Abadiñori ezetz esan arren, baiezkoa eman dio Durangaldeari. Beraz, beste herri batean zabaltzeko aukerari eusten dio.

Kontua da 2011n onartutako Durangaldeko Lurralde Zati Planak ahalbidetzen duela hori; merkataritza txikia indartzea beharrezkoa dela zioen planak, baina beste lau edo bost supermerkatu zabaltzeko aukera ere aurreikusten zuen. Hain zuzen ere, plan hori kontuan hartuta baimendu zuten epaileek Aki brikolaje zentroa zabaltzea, Dendak Bai eta Bizkaidendak elkarteek errekurritu ostean. Arlokako Lurralde Plana aintzat hartuz gero, Montorretan zentro komertzialak eraikitzeko lur kopurua gainditu zela salatu zuten merkatari elkarteek.

Presioa ez ei da arrazoia
Abadiñoko proiektua alboratu arren, Mercadonako arduradunek baieztatu dute enpresak aurrera darraiela Durangaldean saltoki berri bat zabaltzeko ideiagaz. Beste proiektu batzuk ei dituzte esku artean, eta horiek aztertzen dabiltza.

Eskualdeko herritarren eta merkatarien presio soziala nabaria izan da udalak Muruetako planaren berri eman zuenetik, eta eztabaida politikoa ere agerikoa izan da. Hala ere, Mercadonako arduradunek garrantzia kendu gura izan diote presio horri: “Kontratua sinatu arte ez ditugu proiektuak publiko egiten, eta sarritan alboratzen ditugu proiektuak”. Kaleartean plataformako Goretti Galanek balioa eman dio, ordea: “Harrigarria da, baina badirudi enpresak gure herriko alkateak baino gehiago entzun duela herritarrok esan duguna, eta erabaki du hemen sortzen ari den erantzunak kalte egiten diola markari”.

Jose Luis Navarro alkateak iragarri zuen Mercadona, Lidl eta beste saltoki bat Muruetan zabaltzeko plana, eta, horretarako, lurrak birkalifikatzeko prozesua hasi zuen. Mercadonaren ukoaren ostean, ez dio baloraziorik egin ANBOTOri.

Galan merkatariak gogoratu du ez daudela enpresa zehatz batzuen aurka, baizik eta desadostasuna dutela “horrelako merkataritza-guneek dakarten kontsumo ereduagaz”. Komertzioaren antolaketaz iritzia eman gura dute galdeketagaz: “Zelako herria gura dugun adierazteko aukera eman behar digu udalak”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!