Abadiñon saltokia zabaltzeko proiektua alboratu egin du Mercadonak

Anboto 2016ko eka. 4a, 11:15

Enpresa horren ordezkariek ANBOTOri baieztatu diotenez, Abadiñoko Murueta auzoan saltoki bat zabaltzeko proiektua bertan behera utzi du Mercadonak. "Beste hainbat lekutan bezala, proiektua zelan gauzatu aztertzen ibili gara, eta erabaki dugu ez dugula saltokia Muruetan auzoan zabalduko", azpimarratu dute.

Ordezkari horien berbetan, Abadiñon saltokia ez zabaltzeko arrazoia ez da izan proiektuak eskualdeko merkatarien edo herritarren artean eragin duen kontrako erantzuna. "Kontratua sinatu arte guk ez ditugu proiektuak publiko egiten, eta sarritan alboratzen ditugu proiektuak", diote, "kasu honetan ere hainbat izan dira saltokia Abadiñon ez zabaltzeko erabakitzeko arrazoiak".

Baieztatu dute Abadiñoko proiektua alboratu arren, enpresak aurrera darriela Durangaldean saltoki berri bat zabaltzeko ideiagaz. Beste proiektu horiek aztertzen dabiltza.

Alkateak adierazpenik ez

Martxoan, prentsa ohar baten bitartez iragarri zuen Jose Luis Navarro Abadiñoko alkateak, Mercadona eta Lidl enpresek saltoki berriak zabalduko zituztela Murueta auzoan. Gaur, Mercadona enpresak egitasmo hori alboratu duela jakitean, bere iritzia eskatu dio ANBOTOk. Alkateak erantzun ez du ez duela gai horren inguruko adierazpenik egingo.

Merkatarien plataformaren iritzia

Saltoki berri bi zabaldu ahal izateko herriko Arau Subsidirioak aldatzeko proiektuagaz jarraitu aurretik, herri galdeketa bat egitea eskatzeko sorturiko Kaleartean plataformak aldiz, erantzun du: "Harrigarria da, baina badirudi gure herriko alkateak baino gehiago entzun duela enpresak herritarrok esan duguna", dio Goretti Galan plataformako kideak, "eta erabaki dute hemen sortzen ari den erantzunak kalte egiten diola euren markari".

"Gu ez gaude enpresa konkretu horien kontra", zehaztu du Galanek, "guk hasieratik argi utzi dugu  ez gatozela bat horrelako merkatalguneek dakarten kontsumo ereduagaz: eskatzen duguna da, zelako herria gura dugun adierazteko aukera eman diezagula udalak galdeketa baten bitartez".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!