Asier Aspuru eta Jon Arana abadiñarrek Euskal Herriko txapelketa irabazi dute trinketean

Joseba Derteano 2017ko eka. 10a, 10:29

Aspuru buruz burukoan nagusitu da. Aranak binaka jantzi du txapela Lur Ziarrusta dimoztarragaz batera.

Durangaldeak hautagai bi zituen trinketeko finaletan eta biek txapela eskuratu dute. Iaz elite mailako binakakoa irabazi zuen Asier Aspuruk Aitor Arabiourrutiagaz batera eta aurten buruz burukoan nagusitu da. Atzo jokatutako finalean 40-18 irabazi zion Zaramagako Dani Ibarrondori. Hasiera parekatuaren ostean, abadiñarrak partidua hautsi zuen sakean asmatzen hasi zenean. Aurten Bizkaiko buruz buruzko eta binakako txapelak ere lortu ditu Aspuruk.

Gazte mailako finalean Jon Arana eta Lur Ziarrusta geratu ziren txapeldun emozio handiko partiduan. Atxarteko bikoteak 40-38 menderatu zuen Txukun Lakuakoa. Partiduko zatirik handienean atzetik joan arren, azken txanpan buelta ematea lortu zuten. Aranak azpimarratzeko moduko maila erakutsi zuen partidu erditik aurrera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!