Zelan ikusten duzu gaurko finalerdia?
Arabio eta Etxebarria txapelketako bikoterik konpletoena dela uste dut. Txapelketa irabazteko faboritoetakoak dira. Ahal dugun neurrian Arabio saihesten eta atzean agintzen saiatu beharko dugu.
Eskumuturreko lesio bat izan duzu. Errekuperatu zara lesiotik?
Ehuneko ehunean beharbada ez, baina nahiko errekuperaturik nago. Bizkaiko txapelketako finalean zaintiratua izan nuen, aurreko hormaren kontra kolpea hartuta. Min apur bat sentitu arren jarraitu egin nuen, finala zelako. Irabaztea nuen buruan, eta gero gerokoak. Ondoren, eskua hoztean etorri zen benetako mina.
Arabio herrikidearen kontra jokatzea berezia izango da zuretzat?
Bai. Makina bat partidu jokatu eta hamaika abentura bizi izan ditugu elkarregaz. Dozena bat urte daramatzagu jokatzen, eta denbora horretan elkarren kontra aritzea ere egokitu zaigu. Kantxa barruan, entrenatzen zein frontoitik kanpora denbora dezente eman dugu elkarregaz. Lagun oso onak gara. Hori igarri egiten da elkarregaz jokatzen dugunean. Ondo hartzen dugu elkar eta komunikazio ona dago kantxan.
Domeka goizeko jaialdian, finalaz gainera, beste partidu berezi bat ere egongo da. Mikel Gonzalez eta Ander Antxia Waltary eta Guichanduten kontra.
Ikustekoa izango da hori ere. Ipar Euskal Herritik hona etorri izan dira jokatzera, eta hainbatetan partidua galduta bueltatu dira. Xarma edo ikusmin bereziko partiduak izaten dira, Iparralde-Hegoalde pike horregatik.
Hego Euskal Herriko pilotariek Ipar Euskal Herrikoen adinako maila badutela ematen du. Zer uste duzu zuk?
Batez ere, Bizkaian maila handiko trinketlariak daude, Mikel Gonzalez eta Ander Antxia, esaterako. Nire ustez, hasiera batean ematen duena baino alde txikiagoa dago Ipar Euskal Herrikoen eta Hego Euskal Herrikoen artean. Alde hori benetan zelakoa den ikusteko, elkarren arteko partidu gehiago jokatu beharko lirateke. Hemengoek aukera gehiago izan beharko lukete Ipar Euskal Herrian partiduak jokatzeko.
Iaz hainbat txapel lortu zenituen frontoi luzean zein trinketean. Trinketean Bizkaiko txapelduna zara, eta GRAVN zein Euskal Herriko txapelketak irabazi dituzu. 2016a zure urterik onena izan zen?
Irabazitako txapelak kontuan hartuta, nire ibilbideko urterik onena izan zen, bai. Zazpi irabazi nituen guztira.
Zer helburu jarri dituzu aurtengo urterako?
Helburua beti da, gutxienez, aurreko urteko txapelak berdintzea edo maila horretara ahalik eta gehien hurreratzea. Txapel desberdinak lortu izan ditut, eta ea aurten berri batzuk irabazteko modurik badaukadan.
Frontoi luzean zein trinketean, bietan jarraitzeko asmoa duzu?
Printzipioz bai. Batek baino gehiagok esan dit trinketean etorkizun hobea ikusten didatela. Nik neuk ere gusturago ikusten dut neure burua, konfiantza gehiagogaz. Trinketean aurrera egiteko aukera gehiago ditudala ikusten dut, baina kosta egiten zait frontoia uztea. Egia esanda, aspaldian buruari gero eta buelta gehiago ematen nabil, esanez, beharbada badela ordua trinketean zentratzeko eta ea noraino heldu naitekeen ikusteko. Ez ditut 20 urte ere, eta beharbada trinketerako apustua egin behar nuke. Aukera hori darabilt buruan. Baina, tira, aurten oraindik bietan jarraitzeko asmoa dut.
Frontoia uzteko duda horrek badu sentimentaltasunetik apurren bat?
Frontoian jarraitze hori sentimentaltasun puntu handi baten ondorioa da, bai. Bizitza osoa daramat frontoian, nire bizitzako parte handia izan da eta, ez dakit, ematen du frontoia utzita pilota uzten duzula. Ez da horrela, baina sentsazio hori ematen dit.
Trinketean egiten ari den bideagatik, Mikel Gonzalez erreferente bat izan daiteke?
Bai, Ipar Euskal Herrian gorengo mailan jokatzeko maila badaukala erakutsi du. Apustu bat egin eta ondo irten zitzaion. Jarraibide bat da besteontzat. Gainera, Hego Euskal Herriko beste trinketlari batzuei han jokatzeko atea ireki ahal dien pilotaria izan daitekeela uste dut. Horretarako, atzetik gatozenok ere bultza egin beharko dugu aukerak izan gura baditugu.
Ipar Euskal Herrian jokatu izan duzu. Zelan joan ziren esperientzia horiek?
Hiru-lau partidu jokatu ditut. Esperientzia politak izan ziren. Beharbada ezin izan dut neure onena eman, hango trinketeak desberdinak direlako. Hemen azkarrago ibiltzen da pilota.
Abadiñarra izanda, zelan biziko dituzu sanblasak?
Aurtengoa desberdina izango da, gaur, San Blas egunean bertan, partidua daukadalako. Baina hori gauza positibo moduan ikusten dut. Sanblasak beste modu batera bizitzeko aukera emango dit. Jende ezagun asko etorriko da trinketera, giro polita egongo da, eta horrek motibatu egiten nau.
Frontoian ikusi zaitudan bakoitzean, zure aita ere hantxe egon da beti. Berarengandik datorkizu afizioa?
Jokatzen dudan lekuan jokatzen dudala, aita, ama, izeko, osaba eta Leire lehengusina hortxe daude beti ni animatzen. Eskerrak ematen dizkiet. Baina, bai, afizioa aitarengandik datorkit. Umetan urtebetez aritu ostean, utzi egin nuen, eta aita pilotalekuan lanean hasi zenean, horrek itzultzera bultzatu ninduen. Aita pilotalekuan eta ni ere ondoan, pilotan.