San Prudentzio jaiak 2017

Txosna Batzordea: "Ez da momentu erraza ez guretzat, ezta Dani eta bere gertukoentzat ere"

Anboto 2017ko mai. 3a, 21:14

Danny Meip herriko DJaren emanaldiaren inguruan azken egunotan sortu den polemikaren harira, komunikatua kaleratu du Traña-Matienako Txosna Batzordeak.

Traña-Matienako Txosna Batzordeak komunikatuan dioenez, "momentu batean ere ez gara inoren aurka joan, eta hortaz, erabat ezeztatzen ditugu azken egunotan leporatu nahi izan zaizkigun jazarpen egoerak".  Txosna Batzordearen kritika Back&Stage diskotekaren jarrera xenofobo eta sexisten kontrakoa izan zela azpimarratu dute, ez herriko DJaren kontrakoa. "Atera genuen idatziak argi esaten zuen: ez da inoren kontrako erasoa, saioa beste musika emanaldi bategatik ordezkatzea eskatzen dugu soilik".

Bariku honetan DJ Danny Meip-ek egin behar zuen musika saioari buruz idatzi zuten komunikatuaren "manipulazioa" salatu du Txosna Batzordeak, eta "sorrarazi duen ezinegona" deitoratu. "Ez da momentu erraza ez guretzat, ezta Dani eta bere gertukoentzat ere, eta hau ez da izan inondik inora gure helburua", adierazi dute.



Azken egunotan, testuingurutik ateratako hitzak egotzita irainak jasan dituztela azpimarratu dute Txosna Batzordeko kideek. "Adierazpen horien aurrean", diote, "urte hauetan txosnaguneak izan duen ibilbidea aipatzea gura genuke; jai batzordean parte hartu eta lan egiten dugu eta urterik urte pluralagoa den eskaintza osatzen dugu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!