Traña-Matienako Txosna Batzordeari erantzunez Inma Zapardiez jai batzordeko buruak adierazi du jai batzordeak erabaki zuela Danny Meip DJa San Prudentzio jaietara ekartzea. "Guk DJa bera kontratatu dugu, eta ez berak lan egiten duen diskoteka. Beraz, ez dut ulertzen Txosna Batzordearen proposamen hau zertara datorren" adierazi du Zapardiezek. Jai batzordeak hartutako erabakiaren aurrera egingo dute sanprudentzioetan.
"Danny Meip DJa musika munduan hasten dabilen herriko gazte bat da, eta Back&Stage diskotekako musika jartzaileetako bat izateaz gain beste toki askotakoa ere izan da, esaterako, Plateruenako. Beraz, ez dut uste bere lantokiarengatik epaitu behar dugunik" gaineratu du Inma Zapardiezek.
Bestalde, proposamenaren berri jai batzordeko kideek komunikabideen bitartez eduki dutela adierazi du. "Hau hitz egin genezakeen, batzorde bat deitu, denok batzartu eta eztabaidatu" adierazi du, "herriko gazteak ez du horrelakorik merezi".