San Prudentzio jaiak 2017

Txosna Batzordeak udalari Danny Meip-en saioa bertan behera uzteko eskatu dio

Maialen Zuazubiskar 2017ko api. 26a, 16:24

Traña-Matienako Txosna Batzordeak San Prudentzio jaietako bigarren astebururako iragarrita dagoen Dany Meep DJaren saioa bertan behera uzteko eskatu dio Abadiñoko Udalari. Azaldu dutenez, Dany Meip DJa Bilboko Back&Stage diskotekako musika jartzaileetariko bat da eta Bilboko diskoteka horretan "jarrera arrazistak eta sexistak salatu dituzte". Txosna Batzordeko kideek adierazi dutenez, Back&Stage diskotekak zabaltzen dituen jarreren kontrako ekimena da, ez Dany Meip DJaren kontrakoa.

Traña-Matienako Txosna Batzordearen iritzi gutuna:

Jakina da Dany Meip Bilboko Back&Stage diskotekako musika jartzaileetariko bat dela. Duela aste batzuk, Bilboko gazte mugimenduak diskoteka honetan jarrera arrazistak salatu zituen ekintza baten bitartez. Antza denez, bertako harreman publikoetako arduradunak whatsapp talde batean hurrengoaz ohartarazten zieten:“Zaindu ezazue saltzen duzuen pertsonen perfinal: mororik ez jende-modurik ere ez”. Horregatik, uste dugu mota honetako jarrera klasista eta xenofoboak bultzatzen dituen diskoteka bateko musika jartzailea ez dela gure herriko jaietan saioa burutzeko pertsona egokia.

Bestalde, Back&Stage diskotekan jarrera sexistak ere oso ugariak eta konstanteak izaten dira. Emakumearen gorputza erreklamo bezala erabili ohi izan da askotan, eta bertan jartzen den musika gehienetan letra sexistaz josita egoten da. Duela hilabete batzuk, adibidez, diskoteka horretara emakumeek sarrera dohain zuten gaueko 01:00ak arte, eta beste kasu batzuetan, diskotekara sartzen diren lehen 50 emakumeek sarrera dohain izateaz gain, lehen edaria ere dohain izaten dute. Lotsagarria, iraingarria eta emakumearen aurkako eraso gogorra dira mota honetako jarrerak, guztiz salagarriak direnak.

Arrazoi hauengatik eta Txosnaguneak gune askeak direnez, hau da, ez dugulako inolaz ere inongo jarrera sexista, homofobo zein xenofoborik onartzen, erabaki dugu Dany Meip-en saioa ez sartzea gure egitarauan. Honez gain, Abadiñoko udaletxeari eskatzen diogu saio hau bertan behera uztea eta beste musika emanaldi bategatik ordezkatzea. Argi utzi nahi dugu ez dela bere pertsonaren aurkako erasoa, baizik eta bere musikak
eta Back&Stage diskotekak zabaltzen dituen jarrera sexista, klasista eta homofoboen kontrako ekimena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!