"Ez naiz piropozalea, normalean euskara ikasteko erabiltzen ditut"

Anboto 2014ko urt. 30a, 14:00
Barrizten kultur elkarteak Abadiñon antolatutako lehen piropo lehiaketa irabazi du Asen Lavin durangarrak. Txapelketa horretara 24 piropo aurkeztu dituzte 14 lehiakidek. Lavinek ere, beste parte-hartzaile batzuek bezala, bere bi piropo onenak aurkeztu zituen. Piropo irabazleak honela dio: "Zu ilgora, ni ilbera eta biok batera ilargi betea".

 

Zelan otu zitzaizun piropo hori?    

Egia esan, ez dakit; agian, erraza zelako. Nik hizkuntza, euskara, ez dut oso ondo menperatzen, beraz, ezin nezakeen beste munduko ezer asmatu. Aitortu behar dut nire gizonaren laguntza ere izan nuela, eta, bion artean, azkenean zerbait txukuna egitea lortu genuela.

 

Norbaitengan pentsatu zenuen idatzi zenuenean?

Ez, ez nuen pertsona jakin batengan pentsatu. Baina norbaiti esan beharko banio, neure gizonari esango nioke. Hala ere, idatzi nuenean ez nuen horrelakoetan pentsatu. Nire asmoa pertsona bati zer esan baino, hizkuntza aldetik mezu hori zuzena izatea zen. Hori dela eta, aurkeztu aurretik bat baino gehiago idatzi nituen, eta, gero, nire ustez hoberenak ziren biak aukeratu nituen. Nahiz eta, bidali eta gero, ez nuen oso argi zeintzuk aukeratu nituen eta zeintzuk ez. Hainbeste idatzi nituen. 

 

Irabazi zenezakeela uste zenuen? 

Egia esan, ez. Txapelketara senarra eta biok aurkeztu ginen, bakoitza bina piroporekin. Idatzi nuen bigarrenak honela zioen: “Zu zara arrazoi kanbio klimatikoaren aldaketa”. Berak argi zuen biotako batek irabaziko zuela, baina nik ez. Egia da niri ere irabazi duen piropoa gehiago gustatzen zaidala aipatu dizuedan aurrekoa baino. Politagoa dela iruditzen zait. Hala ere, senarrarenak politagoak iruditzen zitzaizkidan; nire ustez irabazteko aukera handiagoa zuten bereek nireek baino.

 

Horrelako lehiaketa batean parte hartzen duzun lehen aldia da?

Bai, horrela da. Senarrak eta biok kalean ikusi genituen txapelketako kartelak. Niri ez zitzaidan burutik pasa ere egin horrelako gauza batean parte hartzea. Ez neukan gogo handirik. Baina, senarra ekin eta ekin hasi zitzaidan aurkeztu behar genuela; tematu egin zen eta azkenean ez nuen parte hartzea besterik izan. 

 

Zure ustez, piropo on batek  nolako osagaiak eduki beharko lituzke?

Lehenik eta behin, hitzek beraien artean errimatzea oso garrantzitsua dela uste dut. Gainera, ukitu barregarri bat izatea ere komenigarria da, eta, nola ez, mezu horrek zentzua izan behar du. 

 

Horrelako kontuak poesiarekin lotzeko joera dugu. Poesiazalea zara?

Egia esan, ez naiz poemak irakurtzen dituen horietakoa. Niri  eleberriak gehiago gustatzen zaizkit. Irakurtzea oso gustuko dut, baina ez poesia. Orain ere banabil liburu bat irakurtzen, Sarah Lark idazlearen La isla de las mil fuentes

 

Zure eguneroko bizitzari dagokionean, hitz ederrak erabiltzeko joera daukazu? 

Ez. Sari hau irabazi izanak ez du esan nahi eguneroko bizitzan horrelakoak esaten ditudanik. Hala ere, egia da senarrak askotan esaten edo idazten dizkidala horrelakoak edo liburuetako aipuak. Baina, horien helburua izaten da nik euskara menperatzea. Berak aipuak jartzen dizkit eta, ondoren, nik itzuli egiten ditut, euskara gehiago ikasteko asmoz. Beraz, gure etxean hitz eder horiek euskara ikasteko erabiltzen ditugu, besteak beste. 

 

Gizonak eta piropoak lotzen dituen topiko hori aldatzen dagoela iruditzen zaizu? 

Bai. Urte luzez, eta gaur egun ere, piropoak langileek emakumeei esandako hitz desatseginak direla pentsatu izan dugu. Hala ere, uste hori aldatzen dagoela eta aldatu beharra dagoela uste dut. Azken urte hauetan gauzak nahiko aldatu dira. Zergatik ez gara, bada, emakumeok ere gai izango hitzekin errimak egin eta gauza politak esateko?

 

Bestalde, euskaldunok piropo kontuetan lehor fama daukagu. 

Tira, hori ere pertsona bakoitzaren araberakoa izango da. Nire senarra euskaldun euskalduna da eta badu horrelakoak esateko abilezia eta erraztasuna. Beraz, ez dut uste pertsonaren jatorriak eragiten duenik, leku guztietan baitaude barregarriak eta gatzgabeak. 

 

Bukatzeko, zein da inoiz esango ez zenukeen piropoa?

Inoiz ez nituzke esango langileek esaten dituzten hitz zakar horiek. Hitz horiek oso higuingarriak iruditzen zaizkit, lotsagabe batzuek esaten dituzten berbak dira. 

 
Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!