Otsailaren 16ra arte aurkeztu ahal dituzte parte-hartzaileek otsailaren 3an egindako lanak.
Otsailaren 3an Abadiñon ospatuko duten San Blas egunean egindako argazkiak dira udalak hirugarrenez antolatu duen lehiaketako protagonistak.
Parte hartzen dutenen artean 400 euroko lehenengo saria eta 250eko bigarrena banatuko dituzte antolatzaileek. Bestetik, epaimahaiak herriko argazkirik onentzat hartzen duen argazkiak ere 150 euroko saria jasoko du.
Argazki bi bidali ahalko ditu argazkilari bakoitzak lehiaketara: 30 x 40 zm-ko euskarri zurrunean. Errota kultur etxean eta Udal Mediatekan zein posta arruntez aurkeztu ahal dira lanak, otsailaren 16a baino lehen.
Otsailaren 22an, 19:00etan, Txanporta kultur etxean burutuko dute sari banaketa ekitaldia; egun horretatik martxoaren 9 arte, saria jaso duten lanak zein epaimahaiak aukeratutako beste hainbat erakusketan ipiniko dituzte.
Iaz 42 argazkizalek aurkeztu zituzten euren lanak lehiaketa honetara, eta aldamenean ikusgai duzuen Ignacio Conde Martín abadiñarraren lanak jaso zuen lehenengo saria.