Baserriko produktuak kalera dakartzate aurten ere nekazari eta abeltzainek, hotzari eta elurrari aurre eginez. Normaltasunez heldu dira Abadiñora abeltzain eta nekazariak euren produktuak eta ganaduak San Blas ferian erakutsi eta saltzeko. Iaz baino gutxiago diren arren, bisitariak ere gero eta gehiago dira; apurka-apurka badabil jentea hurreratzen. Salda eta txorizo egosia edota kafea hotzari aurre egiteko.
Goizean goizetik eroan dituzte baserritarrek abelburuak eta produktuak Abadiñoko Zelaieta auzora. Ez dira faltako animaliak, makineria, erroskillak eta bedeinkatutako kordelak; ezta jaia egiteko gogoa ere. Ganaduari dagokionez, 266 abelburutatik 100 salgai ipini dituzte –behi-haziendako 45, zaldi-haziendako 35 eta ardi-haziendako 20– eta beste 166 ikusgai; horietatik 54 herriko sei abeltzainek mugitu dituzte Trinkete aldeko gunera.
Gainera, nekazaritzako 72 saltoki (Trinketean), eskulangintzako 22 (Txanporta kultur etxe ondoan), nekazaritzako makineriako 15 (Txanporta plazan eta Gaztañodi eta Aita Aureliano Letona kaleetan) eta landareak saltzeko 10 (Tornosolo kalean) egokitu dituzte. Arbaso elkartearen laguntzagaz bertaratu dira artisauak feriara.
Jaiaren osagarri, 34 saltoki daude banatuta San Trokaz eta Txanporta plazan, Zeletabe eta Gaztañodi kaleetan eta Ferialeku inguruan, erroskillak eta beste produktu batzuk saltzeko; zazpi txosna ere ipini dituzte Ferialekuan eta Solokoan.
Euskal Herriko nekazaritza eta ganadu azoka garrantzitsuena dela esanez deskribatu du gaurkoa Jose Luis Navarro alkateak. Egitaraua eta eskaintza iragartzeko batu ziren astelehenean alkatea, Ima Zapardie kultura zinegotzia, BBKko Jose Antonio Pagalday eta Manu Gonzalez, eta Gerediaga elkartearen liburu berria osatu duten Txelu Angoitia eta Lorea Madina.
Azokaren bueltakoa
Feriaren aitzakian festa ederra sortzen da urtero Abadiñon. Goizean txistulariak, umeentzako tailerrak, meza eta bertsolariak izan dira; baita herri-kirol jaialdia ere. Zelan ez, idi-probena izango da hitzordu esanguratsu bat, 17:00etako eta 22:00etako saioetan banatuta. Datozen egunetan ere jarraituko du jaiak, gaurko egun handiaren ondoren.