Otsailaren 3ko jaiaren aurkezpena Gerediagak egindako lana ezagutzera emateko aprobetxatu du udalak.
San Blas eguna ate-joka dute Abadiñon. Barikuko egitaraua eta eskaintza kontatzeko prentsaurrekoa eman dute udaletxean Jose Luis Navarro alkateak, Ima Zapardie kultura zinegotziak, BBKko Jose Antonio Pagalday eta Manu Gonzalezek eta Gerediaga elkartearen liburua osatu duten Txelu Angoitia eta Lorea Madinak.
Euskal Herriko nekazaritza eta ganadu azoka garrantzitsuena" legez izendatu du Abadiñokoa Navarrok. 266 abelburutatik 100 salgai ipiniko dituzte –behi-aziendako 45, zaldi-aziendako 35 eta ardi-aziendako 20– eta beste 166ak, ikusgai; hauetatik 54 herriko sei abeltzainek eroango dituzte Trinkete aldeko gunera. Gainera, nekazaritzako 72 saltoki (Trinketean), eskulangintzako 22 (Txanporta kultur etxe ondoan), nekazaritzako makineriako 15 (Txanporta plazan eta Gaztañodi eta Aita Aureliano Letona kaleetan) eta landareak saltzeko 10 (Tornosolo kalean) egokituko dituzte. Arbaso elkartearen laguntzagaz bertaratutako dira artisauak. Jaiaren osagarri, 34 saltoki banatuko dira San Trokaz eta Txanporta plazan, Zeletabe eta Gaztañodi kaleetan eta Ferialeku inguruan, erroskillak eta beste produktu batzuk saltzeko; 7 txosna ere jarriko dituzte Ferialekun eta Solokoan.
Sanblasak begietan
Udalaren aginduz jai esanguratsu honen atzera begirakoa ondu du Gerediaga elkarteak Sanblasak begietan liburuaren bidez. Txelu Angoitia argazkilariak eta Lorea Madina kazetariak gidaturik, 1914tik 38 argazkilarik ateratako argazkiak batzen ditu liburuak, herriko zortzi bizilagunen oroimen-idazlanez lagundurik. Argazkiak eta kontakizunak batuz, "liburu indartsua" dela iritzi dio Madinak. Bestalde, Jon Irazabalek orain 45 urte hasitako azterketa historiko batean oinarritua dago lana, eta Madinak zabaldu egin du liburu honetara ekartzeko. Irazabali eskerrak eman dizkio kazetariak. Hain zuzen ere, Angoitiak azaldu duenez, "45 urte betetzen dira Gerediagak, Abadiñoko herriagaz, azokari bultzada bat ematea pentsatu zuenetik". Liburua osatzeko ardura "oso gustura" hartu dutela erantsi du Angoitiak.
Salgai ipiniko dute liburua ekoizpen-kostuaren prezioan. Alkateak adierazi du turismorako ere baliagarria izango dela, "kanpotik datozenek Abadiñon Muntsaratzeko dorrea baino gehiago dagoela jakin dezaten".