Denboraldi borobila egiten ari da Gorka Bizkarra. Uztailaren 6an Distantzia olinpikoko txapeldunordetza lortu ostean, Euskal Zirkuitua irabaztea da orain Abadiñoko Laubideta taldeko kidearen helburua.
Euskal Zirkuitua amaitzeko aste gutxi geratzen da. Zer aukeragaz ikusten duzu zure burua?
Aurtengo euskal zirkuitua 12 probek osatu dute. Proba horietako zazpitan puntuatu beharra dago; Nafarroako probetako batean ere puntuatu beharra dago. Denboraldia amaitzeko, bi proba geratzen dira; uztailaren 24an Gasteizkoa eta abuztuaren 7an Iruñeko. Nik uste irabazteko aukerak ditudala; nigaz batera aurrean ibiltzen direnetako asko ez dira-eta minimo horretara iristen. Arerio zuzenak izan diren Egea eta Zalakainek ez dute aukerarik jada, lau probetan soilik puntuatu dutelako; Ciro Tobar eta Ivan Gilek zazpitan puntuatu dute, baina orain arteko lasterketa gehienetan euren aurretik ibili naiz. Nire ustez, podiumean egotea ia ziur lortuko dut, eta aukerak ditut irabazteko.
Bestela, zelan joan da denboraldia?
Iaz hirugarren postuan amaitu nuen Euskal Zirkuitua, eta denboraldi hasieran jarri nuen helburua postu hori errepikatzea izan zen. Nire helburua beti izan da hobetzea; urtez urte hobetzen joatea. Lasterketaren bat irabaztea lortzen badut, oso ondo, eta bestela, egin dudanagaz pozik nago.
Orain gutxi distantzia olinpiarreko txapeldunorde geratu zara. Ondoen moldatzen zaren distantzia al da?
Bai, olinpikoa da ondoen doakidan distantzia; 1.500 metro igeri, 40 km bizikletan eta 10 km korrika da olinpikoa. Distantzia luzeagoetan ez naiz hain ondo konpontzen. Ez diet neurria hartu oraindik; azkeneko 5-10 kilometroetan huts egiten dut.
Zein da ondoen moldatzen zaren segmentua?
Ondoen doazkidan segmentuak bizikleta eta korrika dira. Igerian, ostera, hobetzeko asko geratzen zait orandik; berandu hasi naiz igeri egiten, eta horregatik da gehien kostatzen zaidana. Lehen korrika egiten nuen eta ostean, txirrindularitzan aritu naiz. Geroago hasi nintzen triatloiean.
Noiztik datorkizu triatloirako zaletasuna?
Egia esateko, betidanik gustatu izan zait triatloia; hala ere, ez nekien probak existitzen zirenik ere. Txirrindularitza utzi eta hurrengo urtean duatloiekin hasi nintzen; igeri egiteko gaizki ikusten nuen nire burua.
2008tik Laubidetan zabiltza?
Bai. Lehenengo urtean duatloiak egin nituen, gehienbat; 4-5 duatloi egin nituen soilik. 2009an, ostera, triatloiei ekin nien. Laubidetara, Mikel Cuencaren bidez sartu nintzen. Oso gustura nago, eta giro ona dago, gainera.
Azken aldian eztanda bat izan du triatloiak Durangaldean, ez duzu uste?
Durangaldean baino, Euskal Herri osoan eman den fenomenoa dela uste dut. Hazten doan kirola da. Hiru kirol mota uztartzen ditu triatloiak, eta hori monotonian ez jauzteko lagungarria da.
Eta aurrera begira, zer?
Jarraitzeko asmoa dut. Etorkizunean, Iron Man bat egitea gustatuko litzaidake, baina oraindik ez. Datorren urteko helburua, Gasteizen jokatuko den Munduko Txapelketan parte hartzea izango da; gogor entrenatu beharko dut horretarako.