Zornotzako jaiak

Zornotzarrak prest daude herria marea urdin bihurtzeko

Aritz Maldonado 2026ko uztailaren 15a

Adin guztientzako moduko egitaraua prestatu dute Zornotzan.

Gaur hasiko dituzte Karmen jaiak Zornotzan; 27ra bitartean, zuzeneko musikaren eskaintza oparoa egongo da, eta baita lehiaketa gastronomikoak eta adinekoentzako ekitaldiez gozatzeko aukera ere

Beste urte batez, heldu dira Karmengo jaiak eta heldu zaie Zorhontza eta enparauei herriko kale nagusiak zeharkatzeko hitzordua. Aurten, Jai Demokratikoen 50. urteurrena dela eta, garai hartako kuadrilletako ordezkarien pregoiagaz hasiko dituzte jaiak. 70eko hamarkada amaieran jai herrikoien alde egindako lanaren aitortza izango da ekitaldia. Ondoren, kolore urdinak Zornotza guztia hartuko du. Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak ere hala iragarri du: "Pozik egoteko eta gozatzeko egunak dira". Lehengo garai horretako kuadrillak izango dira bertan; besteak beste, Akarrak, Azantz, Emaztortena, Gau Txori, Hawaianos, Soroak eta Mejicanos. 

Beste urte batez, musika izango da Zornotzako Karmenetako zutabe nagusietariko bat. Uztailaren 17an, Latzen taldeak kontzertua emango du; metal giroan izandako itzulerarik handienetariko bat da eurena. Biharamunean, etxeko uzta izango da protagonista. Heitxi eta Jonkass artista zornotzarrek kontzertua emango dute. Asteburua borobiltzeko, Serafin Zubirik Nino Bravori eskainitako omenaldiaz gozatu ahal izango da. Uztailaren 24an, musikazaleek Euskal Herriko proposamen bi izango dituzte. El Drogas artista mitikoak eta Neomak laukoteak kontzertua emango dute. 25ean Chenoaren eta Ruper Ordorikaren kontzertuen txanda izango da. Eta uztailaren 26an bertso saioa izango da Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Oihana Bartra eta Sustrai Colina bertsolariekin.

Gastronomia protagonista
Zornotzako Karmenak ezin dira ulertu gastronomia lehiaketarik barik. Horrela, uztailaren 18an marmitako lehiaketa jendetsuak kaleak beteko ditu. Lehiaketa hau erakusleiho aparta izaten da sukaldaririk trebeenek euren dohainak erakusteko. 

Bestalde, Santiago egunean, uztailak 25, Baserritarren eta Artisauen Azoka egingo dute Ibaizabal aparkalekuan. Eta egun horretan bertan, Aitite eta Amamen Jaia ere egingo dute Amorebieta IV frontoian. Ekimen honegaz, belaunaldien arteko hartu-emana estutu gura dute, Lua Buronek jaietako kartelean egin duen moduan. Zornotzarrak uztailaren 27ra arte egongo dira festa giroan murgilduta. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!