Zornotzako jaiak

"800.000 pezeta batu genituen 1976ko jaietarako, denek lagundu nahi zuten"

Aritz Maldonado 2026ko uztailaren 14a

Lolin Goitiandia eta Jose Mari Larrañaga.

Zornotzako zenbait kuadrillak antolatu zituzten demokraziako lehenengo jaiak. Kuadrilletako kideetariko bi Lolin Goitiandia eta Jose Mari Larrañaga dira. Karmenak ospatzeko gogoz jarraitzen dutela esan dute. Dei hori zabalduko dute pregoian ere.

Zelakoak izan ziren 1976ko Karmen jaiak?
Lolin Goitiandia:
Elkar ezagutzen genuen jendea ginen, herrikoak, eta jaiak antolatu eta ospatu gura genituen. Guk geuk horrela sortu genuen Gau Txori kuadrilla. Jai horiez berba egiteko, baina, aurreko urtean egin zen boikota aipatu behar da lehehengo. Jai haiek ez ziren ospatu, baina hortik batuago irten ginen. 

Orduko jai haietan garrantzitsua izan zen Herriko taberna antolatzen hastea. Egokitzen zitzaizkigun ekitaldiak antolatzen genituen; besteak beste, kontzertuak. Bien bitartean, beste kuadrilla batzuek ere beste ekitaldi batzuk antolatzen zituzten. Kuadrillen lehenengo desfilea ere guk antolatu genuen, pentsa! Bitxikeria legez, gaur egun mantentzen dugun berezitasun bat da denok emakumeak garela. Beharbada, gazte kuadrillen artean ere egongo da halakorik, baina 50 urte hauetan emakumezkoen kuadrilla bakarra izan gara jaietako desfilean.  

Boikotaren ondoren, jendeak oraindino gogotsuago hartuko zituen lehenengo jai haiek.
L. G.: Bai, oso bereziak zirelako. Gainera, mundu guztiak bat egin zuen. Denak zeuden prest laguntzeko. Kontzertu bat antolatzeko, esaterako, musikariari deitu behar zitzaion, aulkiak ipini behar ziren, barra bat ipini behar zen jan-edanerako, eta gero dena batu behar zen. Hori guzti hori ezingo genuke guk bakarrik egin. Gurasoak eta ingurukoak ere prest agertu ziren laguntzeko. Modu batera edo bestera, Zornotza osoak lagundu zigun.
Jose Mari Larrañaga: Bai, alde batetik edo bestetik, bakoitzak bere ekarpena egiten zuen. Aldaketa terriblea izan zen, baina mundu guztiak konfiantza zuen bide onetik gindoazela. Dena bikain irten zen. 

Zu zelan batu zinen jaien antolakuntzara?
J. M. L.: 1975eko boikotaren ondoren, alkateak bazekien arazo bat izango zuena 1976an jaiak antolatzeko. Bazekien berak antolatuz gero, berriro boikoteatuko zirena jaiak. Ez dakit zehatz zergaitik, baina ardura hori kuadrillei ematea erabaki zuen. Kuadrillen ordezkaritza talde bat aukeratu zen, eta ni ekonomia kontuez arduratu nintzen, batez ere. Udalak diru bat emango zigula esan zigun, baina oso gutxi izan zen. Geu antolatu behar izan ginen, eta merkatari, tailer eta herritarrei eskatuta 800.000 pezeta inguru lortu genituen. Arrakasta itzela izan zen, eta, esan dugun moduan, zornotzar guztiek lagundu gura zuten!

Mende erdiaren ondoren, zelan bizi dituzue jaiak gaur egun?
L. G.: Nik oraindino ere festa ispiritua dut. Adibidez, aniztasun kalejiran parte hartzen dut, eta, ikusten dudanean, harro esaten dut: 'Ostras, lehenengo desfilea geurea izan zen!'. Danborrada ere geuk berreskuratu genuen, eta niretzat oso garrantzitsua da hori. Lehenengo danborrada hartan, emakumeok ere danborradan parte hartzea proposatu genuen, udalak kantinera izateko aukera baino ez zigun ematen eta. Guk ezetz, guk ere danborragaz parte hartu gura genuela. Tematu egin ginen eta irabazi egin genuen. Bataila bat irabaztearen modukoa izan zen!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!