Marilú Uria zornotzarraren "derrigorrezko lekualdaketa" kritikatu dute

A. M. 2026ko uztailaren 13a

Nafarroa zentroa.

Zornotzako EH Bilduren eta Ezker Anitza-IUren udal taldeek adierazpen bateratua kaleratu dute Marilú Uriaren eta bere familiaren egoera salatzeko. Uriak down sindromea du eta hogei urte baino gehiagoan arreta espezializatua jaso du Nafarroa Zentroan, aniztasun funtzionala dutenentzako eguneko zentroan. 

65 urte baino gehiago ditu eta, Aldundiak nagusien eguneko zentrora lekualdatu du. Erabakia "arrazoi ekonomikoetan oinarritutako adinagatiko diskriminazioa" dela irizten dute, eta gogor kritikatu dute erabakia eta Amaia Antxustegi Gizarte ekintzako foru-diputatuak "erakutsitako pasibotasuna". Zornotzako Udalak, bestalde, familiari "laguntzeko konpromisoa berretsi" du. 

Udalak argi utzi gura izan du Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumena direla "eguneko zentroak arautzea, bai desgaitasuna duten pertsonentzako baliabideetan, baita adinekontzakoetan ere". Uriaren Nafarroa Zentroan mantentzea Aldundiaren proposamena izan dela azaldu du, gainera. "Prozesua trantzisio egokitu baten bidez laguntzeko Udalak duen konpromisoa jasotzen du, Mariluren beharrizanak ahalik eta gehien zainduz eta artatuz". Hala ere, "familiaren kezka" ulertzen duela azaldu du ohar baten bidez. 

Esan bezala, EH Bilduk eta Ezker Anitza-IUk erabakia kritikatu dute, eta Aldundiari eta Udalari "beren bulegoetatik irtetzeko" eta lekualdaketa "geldiarazteko" eskatu diote. "Ezin dira pertsonak salgaiak balira bezala tratatu, zentro batetik bestera eraman, adin jakin batera iritsi direlako soilik. Marilúk bere inguru ezaguna, bere errutinak eta bere lotura emozionalak galtzeko arriskua du erabaki sentiberagabe baten ondorioz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!