Zornotzako familia batek auzibideak hasi ditu Bizkaiko Foru Aldundiaren kontra, horrek Nafarroa Zentroko erabiltzaile bat -familiako kidea bera-, "diskriminatu" eta "abandonatu" duelakoan. Familiak kaleratutako oharraren arabera, erabiltzaileak 67 urte eta down sindromea ditu (dependentzia maila altua du, III. gradukoa), eta 2002tik hona jaso du arreta espezializatua Nafarroa Zentroan, aniztasun funtzionala dutenentzako eguneko zerbitzuan: besteak beste, psikologia, pedagogia eta gizarte integrazio zerbitzuak jaso ditu, "gaitasun funtzionaletan eta emozionaletan, autonomian eta inklusio sozialean laguntzeko". Izan ere, familiak azpimarratu duenez, erabiltzaileak eskubide osoko plaza du 2002tik, eta plaza hori egonkortu egin zen "2019ko Agindu Foralean, ebazpenak zornotzarraren beharrizanetarako aukerarik onena zentroko Arreta Indibidualeko Programa zela jaso zuenean". Alabaina, familiaren esanetan, Aldundiak zornotzarraren plaza "iraungi" zuen urtarrilean, eta arreta espezializatuko gunetik adineko pertsonen zentrora igaroarazi dute herritarra, "25 urtean hura zaintzeaz arduratu zirenen ohartarazpenei entzungor eginda", eta "erabakia adinean oinarrituta bakarrik" hartuta.
Erabakia "okerra" eta "injustua" dela diote: "
"Ez ulertzeko moduko egoera"
"[Gure familiako kidearentzat] Nafarroako Eguneko Zentroa ez da tresna asistentziala bakarrik izan, bere ingurune bitala baino: bertan eraiki du bere errutina, bere hartu eman afektiboak, bere egonkortasun emozionala eta bere garapen pertsonala", azaldu du familiak. Momentu honetan, erabiltzailea etxean dago, familiak ez du-eta begi onez ikusi senidea adinekoen zentroan egotea. Halaber, zerbitzu aldaketa horrek zornotzarrari "kalte emozional eta psikologiko larriak" ekar diezazkiokeela uste dute, eta profesionalen ebaluaketek horixe diotela azpimarratu. "Egoera hau ez ulertzeko modukoa da. Babesteaz arduratu beharko litzakeen administrazio hori bera dabil gure senideari mina eragiten", esan du familiak: "Ahalmenik barik, entzun barik eta erabat abandonaturik sentitzen gara".