Jabi Luaces kirol zuzendaria eta Carlos Gomez presidentea albo banatara zituela, Jon Castrillo Fuentes (Berango, 1995) entrenatzaileak hasi berri duen erronkari buruzko xehetasunak eman ditu gaurko aurkezpenean.
Leioa taldeagaz bi bider igoera fasera sailkatu ostean heldu da SD Amorebietara. Eskaintza berehala onartu zuela dio. "Niretzako ametsa da klub honetara etortzea eta baita erantzukizun handia ere. Harrobiaren aldeko apustua egiten zuen klub baten proiektua aurkeztu zidaten eta, egia esanda, ni horixe egitera ohituta nago eta horretan sinesten dut", adierazi du.
Taldean txertatu nahi duen joko sistemaren inguruan ez du askorik aurreratu, baina etxean "erasokor eta ausart" jokatzeko asmoa du, "klubaren idiosinkrasiak eskatzen duen moduan", eta etxetik kanpora beste hainbeste egiten saiatuko da, beti ere "unean uneko egoeretara egokituz".
Jabi Luaces: "Jon behar genuen entrenatzailea da"
Jabi Luacesen ustez, "Jon Castrillo da behar genuen entrenatzailea". "Harrobitik elikatzen den klub batetik dator eta gure gaur eguneko filosofiara eta beharrizanetara gerturatzen da. Aztertu ditugun hautagai denetatik guretzako aproposena Jon dela uste dugu", adierazi du.
Jokalariei dagokienez, Amorebietak fitxaketak egingo ditu denboraldi berriari begira, baina "beste urte batzuetan baino gutxiago", Luacesen berbetan. Izan ere filialeko eta gazteen taldeko jokalariei aukerak ematea da asmoa, gaurko prentsaurrekoan aurreratu duenez.