Lara Izagirre zinemagilea Grezian dago 'Yerma' filmaren azken grabaketak egiten

E.H. 2026ko ekainaren 12a

Filmeko grabaketa saioa, Grezian. SARA COSTA

Zinemagile zornotzarrak asteon amaituko ditu bere hirugarren film luzeko grabaketa lanak. "Oso pozik eta esker oneko" dago egindako lanarekin eta lan-taldeko kideen babesarekin. Momentu honetan, ekoizpeneko kideak Greziako Evia uhartean daude azken sekuentziak grabatzen. 

Zuzendariak adierazi du prozesu oso berezia izan dela, eta oso sentipen onak dituela: "Oso pozik nago, eta esker oneko nago taldeko kide bakoitzarekin. Oso babestua sentitu naiz, eta uste dut gure neurrira egindako grabaketa bat egitea lortu dugula; elkar zaindu dugu, eta istorio hau merezi duen errespetu, maitasun eta lorearekin kontatu".

Izagirrek Bilbon hasi zituen filmaketa lanak, Alondegian eta Guggenheim museoan, besteak beste. Alabaina, azken egun hauek "magikoak" izaten dabiltzala aitortu du, Grezian dabil-eta grabaketa lanetan. "Iruditzen zait nazioarteko kutsu honek leku zabalago batera eramango duela filma, eremu unibertsalago batera", adierazi du zornotzarrak: "Hemengo paisaiak sakontasun handia emango dio kontatzen gabiltzanari".

Grabaketa amaitzeko hiru egun besterik ez dira gelditzen, eta zuendaria gogotsu dago hurrengo faseari ekiteko: "Orain, ikusten ez den zati hori hasiko da: muntaketa, musika, postprodukzioa... Badakit oso ondo lagunduta nagoela maila guztietan, eta film handi bat egiten gabiltzala". Zornotzarrak Gaizka Bourgeaud (argazki zuzendaritza), Paula Olaz (musika) eta Eva Valiño (soinua) izango ditu bidelagun, fase horretan.

Lorcaren bertsio garaikide eta euskalduna

Yerma filmak Federico Garcia Lorca poeta espainiarraren izen bereko obra du oinarri, eta Izagirrek iragarri du haren berrinterpretazio modernoa izango dela. Giro urbanoan kokatuko du istorioa. Eta euskaraz. Ane Pikaza eta Aitor Borobia izango dira protagonistak, eta amatasunaren inguruko presio soziala, antzutasuna eta ernalkuntza lagunduaren dilema etikoak landuko ditu, besteak beste. Maria Goiricelayarekin batera idatzitako gidoi horrek, ordea, jatorrizko obrak ez bezalako amaiera eraldatzailea planteatuko du.

Ane Pikaza eta Aitor Borobia dira aktore nagusiak. SARA COSTA

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!