Lara Izagirre pelikula berria filmatzen dabil: 'Yerma'

E.H. 2026ko maiatzaren 7a

Zinemagile zornotzarraren hirugarren film luzea izango da, amatasunaren eta antzutasunaren presio sozialak arakatuko dituena. Bilbo eta Grezia artean girotuko du pelikula, euskaraz. Aktoreen artean Ane Pikaza eta Aitor Borobia daude, baita Loli Astoreka zornotzarra ere.

Lara Izagirre Garizurieta zinemagile zornotzarra buru-belarri dabil bere hirugarren film luzea izango dena grabatzen: Yerma. Ikus-entzunezkoak Federico García Lorca poeta espainiarraren izen bereko antzezlana (Yerma) du oinarri, baina Izagirrek haren irakurketa garaikide eta hiritarragoa eskainiko du lan berrian. Eta hori guztia euskaraz. Funtsean, amatasunaren eta antzutasunaren gaineko presio sozialak edo lagundutako ugalketaren dilema etikoak aztertuko ditu istorioak: “Istorio hau kontatzera behartuta ikusten dut nire burua, ezkutuan dagoena agerian ipintzeko, emakume askoren bizitza baldintzatzen du-eta”, adierazi du Izagirrek. "Arrazoiak arrazoi, gaur egun ama ez izateak zer esan nahi duen hausnartzera gonbidatu nahi ditut ikusleak, zinematik abiatuta iruditeria berria eraikitzeko", gehitu du.

Izagirrek apirilaren 27an hasi zituen grabaketa lanak, eta zazpi asteko ekoizpen prozesua beteko du guztira. Pelikula Bilboko hainbat lekutan (Guggenheim Museoan, Azkuna Zentroan, Euskal Herriko Unibertsitatean) eta Greziako Evia irlan girotuko dute. Aktore nagusien artean Ane Pikaza eta Aitor Borobia daude. Halaber, eurekin batera Loli Astoreka zornotzarra ere egongo ga. Eta baita Leire Orbe, Naiara Carmona eta Aritz Kortabarria ere. 

Gidoia egiteaz Maria Goiricelaya arduratu da. Idazlea Espainiako Arte Eszenikoen Akademiako kide da, eta 2023an MAX saria irabazi zuen Yerma lanarekin, Egokitzapen Onenaren kategorian. 

Lan-talde oparoa

Zuzendari zornotzarraren ondoan talde tekniko handi batek dihardu lanean. Gaizka Bourgeaud (Nora, Un otoño sin Berlín) da argazki zuzendaria, Eva Valiño (Un otoño sin Berlín, Alcarrás) da soinu zuzendaria, Zaloa Ziluaga (Los domingos, Karmele, Handia) arte zuzendaria eta Paula Olazenek (Nora, Alguien que cuide de mí) konposatuko du musika. Guriza Films ekoiztetxea dago pelikularen atzean. Filmak Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Aldundiaren eta Europar Batasunaren babesa du, eta EITBk, RTVEk, BBK Fundazioak parte hartzen dute. Halaber Greziako Neda Film ekoiztetxea eta Greziako telebista publikoak bat egin dute proiektuagaz. Atera Films banaketa etxea arduratuko da filma Hego Euskal Herrian eta Espainiako estatuan zabaltzeaz. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!