Espainiako Arte Eszenikoen 29. Max sariak eman zituzten bart Meridan (Extremadura). Zornotzako Anita Maravillas konpainiak eta Portal 71 ekoiztetxeak haur, gazte eta familiei zuzendutako obrarik onenaren saria eskuratu dute Andereño obrarengatik. Ilusio handiz jaso dute saria, lan taldeko Miren Larreak azaldu duenez. "Sari oso korala da, lan talde osoarentzako. Bada antzezlanean parte hartu duten sortzaile guztientzako sari kolektibo bat da, eta pozarren gaude", nabarmendu du. 2023ko urriaren 6an estreinatu zuten obra, Zornotza Aretoan.
Anita Maravillas konpainia zornotzarraren Andereño lanak sei hautagaitza izan zituen, eta horietako hiru finalista izatea lortu dute. Tartean, Fran Lasuenek, Zornotzan bizi den eibartarrak. Artistak konposizio musikalik onenaren nominazioa jaso zuen, Andereño lanagaz. Bestalde, Ion Chavez argi teknikari berriztarrak argiztapenik onenaren kategorian lortu zuen izendapena. Biek egindako lan "ikaragarria" nabarmendi du Larreak.
Max sariak jasotzeak "ikusgarritasuna" ematen duela aitortu du Larreak. "Badugu ibilbide bat, sektorean ezagutzen dute gure lana. Baina, egia da horrelako aitortza batek nolabaiteko ikusgarritasuna ematen digula lan edo proiektu berriei begira, eta baita Andereño obrari ere".
Bart lortutako saria ospatzeko tartea hartu zuten. Eta, gaur, Binefarrera (Huesca) bidean doa Anita Maravillasen lan-taldea. Bihar taularatuko dute bertan Andereño. "Aretoen denboraldia itxiko dugu bihar, baina irailetik aurrera bere bideagaz jarraituko du Andereño lanak".
Sari gabe
Ganso & Cia-ren Welcome and sorry antzezlana kaleko antzerki onenaren izendapena jaso zuen. Baina, ez du saria etxera ekartzea lortu.