Zornotzak beteranoen futbol liga nazionaleko hirugarren eta azken fasea hartuko du asteburu honetan. Txolon zelaian sei talde lehiatuko dira, euretako bi zornotzarrak: Hazi Berriak eta Erein. Garaikurra irabazteko faborito nagusia Alcobendas talde madrildarra da, lehenengo bi faseen ostean lider dagoelako. Seikotea Castelló, Palmeral eta Pucelanas taldeek osatuko dute.
Talde denak Zelaieta parkean elkartuko dira zapatuan, 09:00etan. Eguraldia lagun bada, elkarrekin joango dira Txolon zelairaino. Goizeko partiduak 10:00etan hasiko dira eta arratsaldekoak, 16:30ean. Domekan hiru partidu jokatuko dira 10:30etik aurrera. Azkenengoa, 13:00etan hasiko dena, Hazi Berriak eta Ereinen arteko derbia izango da. Ostean sari banaketa egingo dute eta ligako txapeldunak garaikurra jasoko du.
Futbol festa
Futbola jai giroarekin uztartu gura dute antolatzaileek. Horrela, mikrofonoa hartuta, Izan Iñurri elkarteko kideek girotuko dituzte bi egunak. Musika ere jarriko dute. Ekimeneko errifa ere eskuragarri egongo da hainbat sarirekin: txapeldunek sinatutako baloia, bazkaria Autzagane jatetxean…
MAIATZAK 9, ZAPATUA
- 10:00 AD Palmeral / Hazi Berriak-Amorebieta
- 11:15 Erein-Amorebieta / Pucelanas C.F.
- 12:30 Veteranes Castelló / Veteranas Alcobendas
- 16:30 Veteranes Castelló / Erein-Amorebieta
- 17:45 Veteranas Alcobendas / AD Palmeral
- 19:00 Pucelanas C.F. / AD Palmeral
MAIATZAK 10, DOMEKA
- 10:30 Erein-Amorebieta / Veteranas Alcobendas
- 11:45 Pucelanas C.F. / Veteranes Castelló
- 13:00 Erein-Amorebieta / Hazi Berriak-Amorebieta