Zein da Hazi Berriak taldearen helburua?
Adin batetik gora emakumeen futbolean dagoen hutsunea bete gura du. Ibilbide baten ondorioa da. Bere sasoian, Bea Abad taldekidearen ekimenez Amorebieta futbol klubean beteranoen taldea sortu zen. Edonork parte hartu zezakeen, futbolean esperientzia izan zein ez. Kirola egiten jarraitzeko eta esperientzia berriak bizitzeko aukera eskaini gura zien emakumeei. Baina heldu zen momentu bat proiektu horrek beste urrats bat eskatzen zuena. Hazi Berriak pauso berri horren emaitza da. Futbolean esperientzia handiagoa duten jokalariak batzen ditu. Batzuk Athleticen eta Real Sociedaden lehenengo taldeetan ibilitakoak dira. Baina helburua ez da aldatu. Hutsune bat bete gura du eta adin batetik aurrerako emakumeei futbolean aritzeko aukera eskaini.
Joan zen asteburuan bigarren fasea jokatu zenuten. Zelan joan zen?
Lau partidutik hiru irabazi ditugu eta oso pozik gaude. Gainera, Madrilgo, Valladolideko, Murtziako, Cadizeko eta toki gehiagotako jendea ezagutu dugu eta bizipen ederrekin bueltatu gara. Lehiakorrak gara, jakina, baina bizipenei garrantzi handia ematen diegu.
Hirugarren fasea, azkena, etxean jokatuko duzue, Zornotzan.
Maiatzaren 8tik 10erako asteburuan izango da. Ilusio handia egiten digun hitzordua da, txapelduna etxean erabakiko delako. Dena bikain irten dadin ahaleginduko gara eta mezu bat gizarteratzeko baliatuko dugu: adina ez dela oztopo kirolean jarraitzeko. Eskerrak eman gura dizkiet Zornotzako merkatari txikiei euren laguntzagaitik; baita herriko enpresei eta udalari ere. Denen ekarpena garrantzitsua da ekimen hau antolatzeko zein urteko gastuei aurre egiteko.
Zu hasi zinetetik hona, asko aldatu da emakumeen futbola?
Ikaragarri aldatu da. Nik 1989an debutatu nuen. Orduan lurrezko zelaian jokatzen genuen, inor ere ez zen ikustera etortzen eta zorotzat hartzen gintuzten. Ez zegoen ez emakumeen Athletic talderik eta Lehenengo Mailarik. Harrezkero pauso asko eman dela ikustea pozgarria da, baina oraindino badago zer hobetu.
Gaur egun defentsan jokatzen duzu, baina urte haietan aurrelaria zinen.
Ezker hegaleko aurrelaria nintzen, azkarra, ez zegoen harrapatuko ninduenik! Gogoan dut urte batean pitxitxia izan nintzela. 13 urtegaz hasi nintzen Amorebieta klubean. Jakina, orain 51 urtegaz atzerago jokatzen dut. Lehen euren bila joaten nintzen eta orain "etorri, ea pasatzeko gai zareten" esaten diet (barrez).
Beteranoen taldean beteranoetarikoa zara.
Bai. 35 urtetik gora aritu daiteke beteranoen taldean. 35etik 51ra aldea dago! Ni taldearen eta entrenatzailearen zerbitzura nago, behar duten guztian laguntzeko. Esperientzia bizi eta zeozertxo jokatzen badut, pozik nago. Hala ere, zelaian nagoenean adina ahaztu egiten dut eta esango nuke gainerakoei ere berdina gertatzen zaiela. Zelaian gaudenean futbolariak gara eta adin kontuak alde batera uzten ditugu.
51 urtegaz oraindino ikasten jarraitzen duzu?
Athleticen ibilitako Ainhoa Antruejo, Ainhoa Gaztelu eta Helena Gonzalez taldean dabiltza; Real Sociedad taldean jokatutako Ainara Herrero ere gugaz dabil. Sekulako maila duten jokalariak dira: kalitatea, kokapena, egiten dituzten mugimenduak… Umetatik ikasi dute eta igartzen da. Nire sasoian ez zegoen horrelakorik, askoz ere sinpleago jokatzen genuen. Futbolaz hainbeste dakiten futbolariz inguratuta egotea gozamena da niretzat. Beste hainbeste esan dezaket Jon Gallego entrenatzaileari buruz ere; entrenatzaile titulua dauka eta Arratia taldea entrenatzen ibili zen. Asko daki. Entrenamendu guztiak kalitatezkoak dira eta lan hori zelaian islatzen da gero.
Hazi Berriak eta Amorebieta taldean zabiltza, bietan. Zelan eusten diozu erritmoari?
Egiten dudana asko gustatzen zaidalako eusten diot. Kairen eta Nekaneren ama naiz, urteak aurrera doaz eta inoiz gorputzak "bajatu ezazu erritmoa apur bat" esan lezake, baina kontua da asko gozatzen dudala egiten dudanagaz. Badakizu, gustuko lekuan aldatsik ez. Gainera, lehen esan dudan moduan, oraindino gauza berriak ikasten nabil eta ikusten dut ikasitakoa zelaian aplikatzean emaitza hobeak lortzen ditudala. Asegarria da niretzat. Gorputzari kasu egiteko, talde bietako entrenamenduak txandakatzen ditut. Fisikoki ondo nago, beti egin dut kirola, eta, alde horretatik, ez dut arazorik. Fisikoki eta mentalki ondo bazaude, adina zenbaki bat baino ez da. Gainera, taldean dugun giro onak jarraitzera animatzen nau.
