Aste bakarreko epean, Zornotza lau eraso matxista egon direla salatu Suhaziak elkarteak. "Nazkatuta eta nekatuta gaude, oraindik ere, egunero-egunero, indarkeria matxistak gure gorputzak eta gure bizitzak markatzen jarraitzen dutelako. Azken astean lau eraso matxista egin dira Zornotzan. Lau. Egun gutxitan. Eta ez dira gertakari isolatuak. Eraso horiek gizartean ezarrita dagoen sistema heteropatriarkalaren ondorio zuzena dira", salatu dute.
Horrez gainera, erakunde publikoen jarrera salatu dute ohar berean. "Larunbateko jaialdian jazarriak izan ziren neskek* ez dute salaketa ofizialik ipini, eta ez, ez da izan ezer ez delako gertatu, ez. Ez zuten salaketarik jarri badakigulako zer gertatzen den salatzen dugunean. Neska* horiek mugimendu feministara hurbildu direla, badakitelako guk babestuko ditugula, guk entzungo diegula, guk zainduko ditugula", azaldu dute. "Gure instituzio publikoak ez badira gai justizia bermatzeko, zer geratzen zaigu? Guk argi dugu: komunitatea". Laugarren erasoan, ostera, poliziari deitu zioten "erasoa jasan zutenek". "Astelehenean egoera oso larri bat sortu zen: gizon bat haur eta adingabeen aurrean masturbatzen ibili zen. Eta zer gertatu zen? Ezer ez. Polizia agertu zenerako, adingabeak alde eginda zeuden, eta poliziak ez zuen bestelako neurririk hartu. Ez erantzun irmorik. Ez babesik. Ez prebentziorik", gehitu dute.