Matrailu gaztetxearen deialdiari erantzunda, Zornotzako gazte talde bat Urgozon batu zen atzo, joan zen astean etxegabetze enpresa bat San Antonio auzoko etxebizitza batera hurreratu zela salatzeko. Protesta amaieran, Zornotzan gertaturikoa ez dela egun bakarreko kontua izan azaldu zuten. Jakinarazi zutenez, enpresa horrek "hilabeteak" daramatza etxebizitzako maizterra "jazartzen", "etxera gerturatuta edota telefonoz". Gaztetxeko kideen arabera, era horretan funtzionatzen dutelako etxegabetze enpresek: "mehatxua, beldurra eta presioa darabiltzate", eta familien "ezjakintasuna eta babesgabetasuna baliatzen dute kaleratzeak gauzatzeko". Hori horrela, babesa adierazi zioten San Antonioko familiari.
Antolatzeko deia
Gaztetxeko kideen arabera, etxegabetze enpresen egitekoa "jabego pribatuak" eta "jabeen interesak" babestetik harago doa. "Faxismoaren gorakadaren seinale" direla adierazi zuten, eta kolektibo zaurgarriak "jo-puntuan" jartzen dituztela gaineratu. "Arrazakeria, ultranazionalismoa edota klasismoa moduko gorroto ideologiak normalizatzen dituzte sare sozial eta komunikabideetan", zehaztu zuten matrailuko kideek. "Beraz, argi utzi behar dugu horrelako erasoak ez ditugula baimenduko ez Zornotzan ez inon. Horregatik dei egiten dugu borrokatzen eta antolatzen jarraitzera, eta hurrengo deialdi desberdinetara batzera", bukatu zuten.