Etxegabetze saiakeraz gainera, horrelakoetan lan egin duten enpresen jarduna ere kritikatu dute. "Okupazioaren kriminalizazioaz eta klase jabedunaren interesak babesteaz aberasten dira desokupazio enpresak. Miseria garaiotan pobreak seinalatzen dituzte eta arrazakeriaren bitartez gorroto ideologia sustatzen dute. Horrelako erasoak onartezinak dira eta hauei aurre egitean berresten gara, beste behin", salatu dute sare sozialetan. "Etxebizitzen jabeen alde, eta inpunitate osoz aritzen dira enpresa horiek; euren burua okupazioaren aurkako alternatiba erreal gisa saltzen dute, baina okupazioa bera ez da etxebizitzaren arazoaren muina". Amaitzeko, horrelako kasuak salatzen jarraituko dutela aurreratu dute.