"Faxisten presentzia salatzeko elkarretaratzea" egingo dute Zornotzan

Anboto 2026ko urtarrilaren 19a

Matrailuko kideen elkarretaratze bat Durangon, kideetako baten epaiketa salatzeko. ARTXIBOA

Barikuan egingo dute mobilizazioa. 20:30ean, Urgozon.

Zornotzako Matrailu gaztetxeak mobilizatzera deitu du "faxisten presentzia" salatzeko eta jazartutako herritar bati elkartasuna adierazteko. Gaztetxeko kideek duela egun batzuk salatu zutenez, etxegabetzeak egiteaz arduratzen den enpresa "faxista" bat San Antonio auzoan izan zen, hango bizilagun bat etxetik ateratzera behartzera etorrita. "Argi utzi behar dugu faxistak ez direla ongietorriak ez hemen, ez inon. Inoiz baino beharrezkoagoa da erantzun antifaxista antolatzea", esan dute Matrailuko kideek.

Elkarretaratzea barikuan egingo dute, urtarrilak 23, Urgozon. 20:30etan izango da. 

Hiru alderdiren agiria

Zornotzako EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Amorebietak agiri bateratua publikatu dute "Desokupa izenez ezagutzen den taldea" Zornotzan egon dela salatzeko. Alderdiek agirian jaso dutenez, etxegabetze taldeak "ez du inolako zilegitasun demokratiko, instituzional ezta legalik" udalerrian jarduteko. "Bere presentziak ez dio inongo prozedura judizial ofiziali erantzuten", eta zuzenbide-estatu batean onartezina den eta "jazarpen eta biolentzian oinarrituta" egiten ditu esku hartzeak". Era berean, "modu irmoan" salatu dituzte "presioan eta beldurtzean" oinarritutako etxegabetzeak.

Hiru alderdiek "elkartasuna eta babesa" adierazi diote  "jazarpena pairatzen ari den maizterrari", baita halako egoerak jasaten dituzten pertsona guztiei ere. "Ez da onargarria herritarrak presioaren, mehatxuaren edo seinalamendu publikoaren bidez beldurtzea, eta bereziki larritzat jotzen dugu egoera hori etxebizitza eskubidearen esparruan gertatzea", adierazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!