Zelan definituko zenuke 'Kobazuloa' liburua? Non dago girotuta?
Gazteentzako beti-betiko abenturazko narrazio bat da. Haria erraz jarraitzeko moduko kontakizuna da, erraz irakurtzeko eta atsegina izateko asmoz sortutakoa. Itsasaldeko kanpin batean elkar ezagutu duten hiru neska-mutikok antzinaroko gizaki bat ezagutuko dute basoan, eta elkarregaz bizi dituzten abenturak eta euren artean sortutako arazoak kontatzen ditut.
Historiaurreari keinu egiten diozu.
Historiagaz lotutako zenbait elementu batzen du, bai. Beti izan naiz historia zalea. Historiaurreko gizaki hura islatzen ahalegindu naiz. Ehizarako erabiltzen zituzten tresnak deskribatzen ditut, haren janzkera... Ez da liburu historiko bat, inondik inora, baina historia irakasleren batentzat interesgarria izan liteke.
'Mendekua ordainetan' liburuagaz alderatuta, erregistroa aldatu duzu.
Kontaketa eta hizkuntzaren erabilera nahiko antzekoak dira. Kontakizuna ulergarria izatea izan dut helburu, konplikazio handirik bakoa. Gaiari dagokionez, Mendekua ordainetan errealistagoa da. Edozein institututan gertatu daitezkeen gorabeherak kontatzen ditut han. Kobazuloa, ostera, asmatutako istorio eta pertsonaiez osatutako abenturazko kontakizuna da, fikzioa.
Zelan ikusten duzu gazteen eta literaturaren arteko hartu-emana?
Umeak oso irakurzaleak dira. Baina, Lehen Hezkuntza amaituta, DBHn hastekoak diren gazteek literaturagaz duten hartu-emanean haustura bat gertatzen da. Batzuk berriro gerturatzen dira geroago. Hala ere, ez da erraza liburu bategaz gaur egungo teknologien kontra borrokatzea. Asko eragiten du ere etxean zer ikusten duten. Bestalde, istorioa gertukoa sentituz gero askoz errazago irakurtzen dutela uste dut. Gehiago murgilduko dira istorioan, eta gusturago hartuko dute liburua.
Eroso zaude gazte literaturan?
Une honetan horixe egokitu zaidala esango nuke. Gazteekin nire egunerokoan nago hartu-emanetan, horixe da nire testuingurua. Seguru asko hortik sortu dira libururako ideiak. Egokitu den moduan hartu dut.
Baduzu beste proiekturik?
Umeentzako liburu bat kaleratu gura dut datorren urtean, Erein argitaletxeagaz.