#0km

Ekolurraren 'Lurzorua' hezkuntza programa, martxan

E.H. 2025ko urr. 20a, 10:52

Ikasturtean honetan ere, ortugintza ekologikoan eta ingurumenaren kontzientzian eskolatuko dituzte ikasleak. Egitasmoak 4.000 ikasle baino gehiago trebatu ditu jada, lurraren ekoizpen-eredu jasangarrietan. 

Aurten ere, Lurzorua hezkuntza programak lurraren ekoizpen-eredu jasangarrian eskolatuko ditu Zornotzara hurreratzen diren ikasle taldeak. Hezkuntza zentroek Jauregibarria baserrian hasiko dute bisita, bertan egiten diete-eta harrera ikasleei. Gero, Ibarra baserrira lekualdatzen dituzte, ortugintza profesionalari buruzkoak ikasteko. Bertan, ortugintzaren eguneroko errutinak aletzen dituzte, baita lur-laginak hartu eta horiekin froga praktikoak egin ere. Behin Jauregibarriara bueltatuta, ikus-entzunezko baliabideak eta gune interaktiboak erabiltzen dituzte ikasleek. Azkenik, egunean zehar jasotako informazioa txosten batean atontzen dute. 

Lurzorua programa 2017an sortu zen ENEEK-Ekolurraren ekimenez eta Zornotzako Udalaren babesagaz. Ordutik hona 4.000 ikasle baino gehiago eskolatu dituzte ortugintza ekologikoaren ezagutzan eta ingurumenarekiko kontzientzian. Ikasleek barneratzen dituzten datuen artean honako hauek daudela dio Ekolurrak: "Lurreko azalera osoaren % 6,25 bakarrik da erraztasunez landu daitekeen lur emankorra. Gainerako azalera ozeanoek (% 75), lurzoru lehorrek (% 25), poloek, basamortuek (% 12,5), lur lauak (% 12,5) eta lurzoru harritsu, urri edo hezeek (% 6,25) osatzen dute. Horrek esan gura du du nekazaritzarako erabil daitekeen lurzoru emankorra oso mugatua dela, eta, gainera, lur mota hori bera behar dela eraikinak, etxebizitzak, errepideak edo eskolak egiteko. Hori dela eta, ikasleek ulertzen dute lurzoruaren erabilera arduratsua eta jasangarria funtsezkoa dela etorkizun emankor baterako".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!