Aramotzek aspaldiko parte hartzaile kopururik handiena izango du; lasterketaz gainera, mendi martxa ere antolatu dutela da horren arrazoia. 150 bat lagunek izena eman dute martxan. "Oso ibilbide polita da eta mendiaz gozatzeko beste aukera bat eskaini gura genuen", esan du Zornotza Mendi Taldeko Igor Lopezek. Martxak 17 kilometro izango ditu, 08:30ean hasiko da, Zubiondo parketik, eta 150 lagunek eman dute izena.
Lasterketa 10:00etan hasiko da eta 163 korrikalari lehiatuko dira, 2024an baino 30 bat gehiago. Iaz, hainbat arrazoi tarteko, mendi lasterketa biak —17 eta 27 kilometrokoak— erdibideko batean batu zituzten eta aurten 22 kilometroko ibilbidea errepikatuko dute. "Oso harrera ona izan zuen", gogoratu du Lopezek. Korrikalariak Aramotzeko mendilerroan ibiliko dira. Artaun auzoaren parera heltzen direnean hartuko dute buelta. Pagozelai, Urtemondo eta Belatxikieta izango dira lasterketako tontorrak.
Faboritoak
Gizonetan Gontzal Murgoitio da irabazteko hautagai nagusia. Skyrunning Munduko Kopako lasterketan sekulako maila ematetik dator elorriarra. Iaz Ander Gerrikaetxebarria zornotzarrak irabazi zuen eta berriro irabazten ahaleginduko da. Emakumeetan, Itsasne Urkiaga zornotzarra, Nora Narbaiza zaldibartarra, Lola Oyarzabal gasteiztarra eta Leire Uribe otxandiarra nabarmendu daitezke.
Zornotzakoa Durangaldeko Koparen barruko proba da. Kopa amaitzeko lasterketa biren faltan, Irazu Aranburu mallabitarra dago lider gizonetan, eta Ander Jauregi durangarra bigarren. Aranburuk Aramotzeko lasterketa amaitu eta puntu bat batzea nahikoa du Kopa matematikoki irabazteko. Emakumeetan kontuak estuago daude eta gorago aipatutako lau izenek txapeldun geratzeko aukera dute oraindino.