"Oviedoko zaleei poz hori ematea sekulako sentsazioa da"

Joseba Derteano 2025ko eka. 27a, 09:30

Oier Luengok ez du berehalakoan ahaztuko Real Oviedon osatu duen hirugarren denboraldia. 2003an arazo ekonomiko larriak eraginda Hirugarren Mailara jaitsi zen taldeak 24 behar izan ditu elitera bueltatzeko eta Luengo lorpen historiko horren parte izan da.

Zelan joan dira ospakizunak?
Imajinatu dezakezu (barrez). Jendeak ospatzeko gogo handia zuen. Irudiak ikustea besterik ez dago.

Lortu duzuenak igoera batena baino esangura sakonagoa du.
Ni hona heldu nintzenetik zaleek berdina errepikatu didate: asko sufritu behar izan dutela, urte gogorrak izan direla, eta lehen mailara itzultzea amesten zutela. 24 urteren ostean zaleei poz hori ematea sekulako sentsazioa da. Ez dakit berriro horrelakorik bizi izango dudan. 

Une batean kanporaketa oso aldapa gora zegoen. Miranda de Ebron 1-0 galduta, eta etxean 0-1 galtzen.
Egoera beltz zegoen, bai. Iaz gertatutakotik ikasi egin dugula uste dut. Orduan ere finalean geunden. Itzulerako neurketa Bartzelonako Cornellan jokatzen genuen, eta Espaynolek minutu gutxian gol bi sartu zizkigun. Ez genuen egoera kudeatzen asmatu, eta eurak igo ziren. Gogorra izan zen, baina ikasgaiak atera genituen. 

Zelan gogoratzen dituzu partidua amaitu osteko uneak?
Zoramena! Hainbeste irudi etortzen zaizkit burura, hainbeste emozio… Bat bereziki gogoratzen dut. Zornotzako lagunak partidua ikustera joan ziren. Harmailetan goi-goian zeuden. Aldageletara nindoala, esku batek heldu ninduen. Buelta eman, eta kuadrillako lagun bat zen. Nik ez dakit zelan, baina batzuek jaistea lortu zuten. Betirako geratuko zaidan oroitzapena da.

Mirandes taldean euskaldun asko dago. Baten bat ezagutzen duzu? 
Bilbao Athleticen ibili nintzenetik Hugo Rincon ezagutzen dut. Berarekin dut hartueman handiena. Mirandesek denboraldi historikoa egin du, eta pena da ateetan geratzea. Hazteko balio izango diela uste dut, guri balio izan zigun moduan. Maila handiko jokalariak dituzte. 

Zentral postuan asko jokatu duzu aurten, 32 partidu. Zure ibilbideko denboraldi onena izan da? 
Ez dakit hau den nire urterik onena, baina ni denboraldi honekin geratzen naiz bizitako guztiagatik. Egia da asko jokatu dudana, baina iaz oraindino gehiago jokatu nuen. Beti gozatzen saiatzen naiz, gauzak ondo joan zein ez. Garrantzitsua da hori.  

Ondo defendatu ez ezik, bi gol sartu dituzu, eta asistentzia bat eman.  
Profesional nabilenetik gerturatu ohi naiz aurkarien areara, eta noizean behin, golen bat heltzen da. Aurten bi izan dira, eta pozik nago. 

Nori eskaintzen diozu lorpena? 
Nire bikotekide Olatzi, familia osoari eta lagun guztiei. Eskerrik asko denei.

Igoera tartean, promesarik egin duzu? "Igoera lortzen badut, hau edo bestea egingo dut"
Aurten ez. Iaz, igotzen baginen ilea urdinez tindatuko nuela esan nuen, baina gauzak ez zirenez nahi bezala irten, aurten promesarik ez egitea erabaki dut. 

Klubarekin 2027ra arteko kontratua duzu. Datorren urtean Oviedorekin Lehen Mailan ikusiko zaitugu? 
Bai, Oviedon jarraituko dut, klub historiko honekin gozatzen. Gainera, kasualitatez, datorren denboraldian klubaren mendeurrena da. Patuak hala nahi izan duela ematen du.

Mendeurrena aurten ospatzen dabilen talde bat SD Amorebieta da, eta bertan hezi zinen. Aurten mailaz jaitsi da. Taldearen ibilerak jarraitu dituzu?
Jakina jarraitzen dudana. Zornotzarra naiz, eta umetatik han jokatu du. Kasualitatez, gradetatik jaitsi eta lehenengo zoriondu ninduen laguna Jon Larrea Amorebietako presidentearen semea da. Pena eman dit kluba mailaz jaitsi izanak. Baina, Amorebietak nortasun borrokalaria du, eta hurrengo denboraldian igotzea opa diet. 

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!