Epaileak amaierako txistua jo orduko, marea urdin batek Carlos Tartiere zelaiko berdegunea hartu zuen. Ez da gutxiagorako, zaleek 25 urte zeramatzatelako Lehenengo Mailara itzultzeko zain. Jokalariek eta zaleek une ahaztezinak elkarbanatu zituzten. Euren artean zegoen Oier Luengo atzelari zornotzarra. Aurten hirugarren denboraldia osatu du Oviedorekin partidu asko jokatuz. "Ez dakit berriro holakorik biziko dudan", onartu du momentu haiek gogoratzerakoan. "Zoramena izan zen; emozio eta imagina asko betirako geratu zaizkit", gehitu du.
Zornotzarrak 2027ra arteko kontratua du Oviedorekin eta bertan jarraituko du Lehen Mailarako itzuleran. "Oviedon jarraituko dut, klub historiko honekin gozatzen. Gainera, kasualitatez, datorren denboraldian klubaren mendeurrena da. Patuak hala nahi izan duela ematen du", dio.
Adierazpen hauek Luengok ANBOTOri eskainitako elkarrizketakoak dira. Elkarrizketa osoa barikuan kaleratuko den ANBOTO astekarian egongo da irakurgai.