Euskaldun Torneoaren barruko Done Pedro Sari Nagusia lehiatu zuten atzo Irunen. Eskalatzaileentzako lasterketa aproposa zen eta eskalatzaile bat nagusitu zen: Iker Trigo zornotzarra. Azken 40 kilometroetan zeuden hiru mendateei (2. mailako San Martzial, 1. mailako Erlaitz eta 3. mailako Olaberria) etekina atera zien Rias Baixas taldeko txirrindulariak. Erlaitzen gora bakarrik ihes egin zuen eta handik helmugara arteko 20-25 kilometroak bakarrik egin zituen, erlojupekoa bailitzan. "Oraindik ez dut sinesten", zioen helmugan minutu batzuk lehenago egindako erakustaldia gogoratuz.