Julen Guerrero kargutik kendu eta astebetera bere ordezkoa aurkeztu dute Jon Larrea klubeko presidenteak eta Jabi Luaces kirol zuzendariak. Beste ezeren aurretik, biek euren "esker ona" adierazi diote aurreko lan taldeari egindako lanarengaitik. "Futbola emaitzak dira eta zoritxarrez ez dira onak izan. Ez dago beste arrazoirik. Gogor lan egin dute, baina emaitzak ez dira heldu", arrazoitu du Luacesek.
Amorebieta Lehenengo Federazio Mailako azkenengo tokian dago une honetan eta Gonzalezek konplikatua den erronkari aurre egiteko dohaiak ditu, Luacesen ustez. "Hierarkia eta esperientzia ditu. Gainera klubaren filosofia ezagutuko zuen norbait gura genuen". Gonzalezek hainbat lorpen esanguratsu lortu ditu bere ibilbidean, tartean Bigarren Mailarako igoera bi, Deportivo Alaves eta CF Reus Deportiu taldeekin.
Behinena "animoa altxatzea"
Klubeko arduradun bien ostean Gonzalezek hartu du hitza. "Ilusioz" hartu duen erronka da eta badaki, beste ezeren aurretik, taldearen arlo animikoa landu beharko duela. "Horrelako momentuetan emozioek errendimenduan eragiten dute. Zerotik hasi behar dugula esan diet jokalariei, liga orain hasiko bagenu moduan. Hortik hasiko gara animoa altxatzen eta errendimendua berreskuratzen", adierazi du.
Blokean lan egitea "obsesio"
Jokamoldeari dagokionez, dagoenera egokituko da. "Idea bat nekarren, baina jokalarien ezaugarriak ikusita, barruak ezetz diost. Jakina, zenbat eta jokamolde gehiago landu, orduan eta baliabide gehiago izango dugu. Une honetan gure obsesioa blokea da. Gol gehiegi hartzen ditugula diote datuek. Beraz, horixe da behinena. Blokean eta batera mugitu behar gara aurrerantz zein atzerantz".
Estreinaldia bigarren sailkatuaren aurka
Gonzalezen estreinaldia ez edozelakoa izango. Amorebietak mailako bigarren sailkatua den Arenteiroren (Galizia) zelaian jokatuko du domekan. Behintzat, talde zornotzarrak aurretik erakutsia du talde handien kontra maila ona eman dezakeela. Joan zen asteburuan, Urritxen, bana berdindu zuen Cultural Leonesa liderraren aurka.