Marea berdeari laguntzeko deia, hil ala biziko partiduaren atarian

Anboto 2025ko mar. 14a, 13:23

(Argazkia: Luis Iturrioz)

Teknei Zornotzak partidu garrantzitsua jokatuko du etxean mailari eusteko borrokan.

Aukerak amaitzen ari dira. Zazpi jardunaldi besterik ez dira falta saskibaloian Bigarren FEB mailako liga amaitzeko eta Teknei Zornotzak zuloan darrai. Une honetan, azken sailkatua da hogei partidutan sei garaipen lortuta. Hortik irteteko garaipenak behar ditu eta asteburuan izango du lehen aukera. Zapatuan, 18:30ean, Insolac Caja 87 taldea hartuko du etxean, Larrea kiroldegian.

Talde sevillarra sailkapeneko goialdean dago, laugarren postuan. Hori gutxi balitz, Iñigo Nuñez entrenatzaile heldu berriarentzat lehenengo partidua izango da zornotzarren aulkian. Beraz, biharkoa ez da edozelako erronka. Klubak badaki Larrea gotorleku bihurtzeko zaleen bultzada funtsezkoa dela eta marea berdeari bertaratzeko deia egin dio sare sozialetan. "Zuen laguntza ezinbestekoa izango da. Larrean elkar ikusiko dugu. Guztion artean lortuko dugu!", mezua zabaldu du.

Zaleentzako pizgarri moduan, 17:00-18:00 artean txosnako edariak merkeago egongo dira. Baten prezioan bi edari eskuratu ahalko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!