"Horrelako irainek ez dute lekurik ez futbolean eta ez gizartean"

Anboto 2025ko ots. 12a, 16:31

Nassourou Ben Hamed (Kamerun, 2002) futbolariak bost urte daramatza estatuan bizitzen, eta hau estreinako urtea du Amorebietan. Joan zen asteburuan Cultural Leonesa taldearen zelaian jokaturiko partiduan, irain arrazistak jasan zituen zale biren partetik.

Kolpe bat hartuta zelaitik kanpora zeunden, medikuaren arreta jasotzen. Zer gertatu zen orduan?
Hasieran irain asko entzun nuen harmailetatik, baina zelai guztietan entzuten direnen modukoak ziren, denbora galtzen nenbilela eta antzerakoak. Baina pertsona bik "puto negro, puto negro" esan zidaten. Buelta erdi hartu eta identifikatu egin nituen. Begira geratu nintzaien eta "puto negro, vuelve a tu patera" esan zidaten. Laugarren epaileari kontatu nion, eta honek epaile nagusiari. Gertaturikoa kontatu nion epaile nagusiari eta arrazakeriaren kontrako protokoloa aktibatu zuen. Bi-hiru minutuan partidua geratuta egon zen. Ondoren, ea partiduak aurrera egin zezakeen galdetu zidaten, eta nik baietz esan nien, azken batean horretara joan nintzela, jokatzera. 

Horrela jaso zuen epaileak bere aktan.
Epailearen aktatik azkenengo esaldiak harritu ninduen. Eurek, epaileek, ez zutela ezer entzun idatzi zuen. Batez ere laugarren epaileagaitik diot hori. Ni baino apur bat harutzago zegoen, baina nik garbi entzun nuen eta nire taldekideek ere bai. Beraz, berak entzun ez izanak harritzen nau.

Harmailetan inork esan zuen ezer pertsona bi horien jarreraren aurka? 
Ez, ez nuen horrelakorik ikusi. Kontrara esango nuke. Berriro zelairatu nintzenean eta baloia ikutzen nuen bakoitzean txistu jotzen jarraitu zuten. Aurkari genituen futbolarien partetik ere ez nuen babesik jaso. Hori baino txarrago, jokalari batek "zuek beti duzue aitzakia berdina" esan zidan. Ez dakit 'zuek' horrek nori egiten zion erreferentzia: zuek 'beltzok' ala zuek 'Amorebieta taldekook', orokorrean. Edozelan ere, keinu itsusia iruditu zitzaidan. 

Cultural Leonesa klubetik deitu dizute edo, zelanbait, kezkatu dira zure egoeraz?
Ez. Atera duten komunikatua baino ez zait heldu. Eta komunikatuan gezurtitzat jo naute. Une batean epailearen aktari egiten diote erreferentzia, eurek ez zutela ezer entzun. Nik ez diet klubari eta Cultural Leonesaren zalegoari ezer leporatzen. Zazpi mila pertsonatik beti daude edukazio gutxiko batzuk. Baina hori bai, seguru dakit pertsona bi horiek non jesarrita zeuden eta identifikatuko nituzkeela. 

Amorebieta klubarengandik eta taldekideengandik babestuta sentitu zara?
Bai, momentuan bertan, egun hartan zehar, eta hurrengo egunetan ere bai. Klubaren eta taldekideen babes osoa sentitu dut. Nigaz daudela eta familia bat garela sentitzen dut. 

Hainbat taldetan jokatu duzu. Aurretik beste gertaera arrazistarik jasan duzu zelaietan?
Ez, inoiz ere ez. Alboko sakeetan-eta denerik esan didate, baina beste era bateko irainak izan dira, orokorrak, epaileek asteburuero entzuten dituztenak. Irain arrazistak entzun ditudan lehenengo aldia izan da. 

Eta zure bizitza pertsonalean?
Ezta ere. Egon naizen talde guztietan eta herri denetan ondo tratatu naute. Ez begirada txarrik eta ezta keinu txarrik ere. Lehenengo aldia da hau. 

Zer mezu helarazi gura zenioke gizarteari?
Horrelako irainek ez dutela tokirik ez zelaian ez gizartean. Denok gara gizakiak. Futbola jatorri askotako pertsonak batzen dituen kirola da. Bizi dugun aroan, gizartean inoz baino batuago egon behar dugu. Dibertsitatea geroago eta handiagoa da. Ez diezaiogun inori diferente begiratu azalaren koloreagaitik. Arrazakeriak edo beste edozein diskriminazio motak ez du lekurik gure gizartean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!