SD Amorebietak Leonen jokatu zuen atzo, Cultural Leonesa taldearen kontra. 2-1 galdu zuen partidu horren barruan, Amorebieta taldeko Nassourou Ben Hamed jokalariak irain arrazistak entzun zituen. 75. minutuan gertatu zen eta epaileak arrazakeriaren kontrako protokoloa aktibatu zuen. Partidua geldirik egon zen minutu bi inguruan. Bitartean megafoniatik mezu arrazistak geratzeko eskatu zuten. Epaileak jokalariari kontsultatu zion, honek jarraitzeko prest zegoela adierazi zion eta partiduari berrekin zioten. Horrela jaso du epaileak bere aktan.
Akta horretan honela deskribatu ditu gertakariak: "75. minutuan arrazakeriaren kontrako protokoloa aplikatu zen 14. zenbakidun [Nassourou Ben Hamed] jokalariaren eskariz. Une horretan jokalaria zelaitik kanpora zegoen, mediku asistentzia jaso ondoren. Jokalariak, lehenengo, laugarren epaileari jakinarazi zion eta segidan, zelaira sartzeko baimena jaso ondoren, neuri komunikatu zidan, bere atzealdeko harmailatik pertsona bik ondorengoa esan ziotela: 'Puto negro, puto negro'."
SD Amorebietak ohar bat atera du bere jokalariari "babes, gertutasun eta elkartasun osoa" adieraziz. Horrekin batera, irain arrazistak "irmoki" salatu ditu. "SDAk kirolean eta bizitzako edozein arlotan gertatzen den indarkeria- eta xenofobia-adierazpen oro gaitzesten du. Intolerantziak eta arrazakeriak ez dute lekurik gure gizartean", salatu du. Azkenik, eskerrak eman dizkie Francisco García Riesgo epaileari eta Omar Alvarez Rodríguez laugarren epaileari arrazakeriaren kontrako protokoloa "azkar eta determinazioz" aktibatzeagatik.