Sagardoaren denboraldi berria aurkeztu dute Zornotzako Uxarte sagardotegian

Anboto 2025ko urt. 21a, 15:06

@bizkaikosagardoa

Bizkaiko 2025eko Txotx denboraldiaren aurkezpen ekitaldia egin dute Zornotzako Uxarte sagardotegian. Izaro Andres musikari mallabitarra izango da aurtengo enbaxadorea. 

Aurkezpenean esandakoaren arabera, 83.000 litro sagardo natural ekoitzi dira Bizkaian, espero baino sagar gutxiago batu ostean; aurten Bizkaian dastatuko diren sagardoak aurreko denboraldikoen ezaugarri antzerakoak dituzte, eta "kolore argia, egituratuak eta orekatuak" dira. "Klimatologia faktore erabakigarria da, eta zuzenean eragiten dio azken produktuari. 2024ko uzta aurreko urtekoa baino txikiagoa izan da bolumenari dagokionez, neguan hotzik egin ez duelako eta loraldian euri gehiegi egin duelako, batez ere, barietate berantiarretan", azaldu dute aurkezpenean. 

Bizkaiko Sagardogileen Elkarteak, bertako sagardoa bertako sagarrekin egina dela nabarmendu du. "Bezeroei ezaugarri bereziak dituen sagardoa eskaintzeko lanean jarraitzen dugu, sagardo mota berrien aldeko apustua eginez, baina sagardo naturala ahaztu barik", azaldu du Jose Antonio Zamalloa elkarteko presidenteak.  

Ekitaldian Arantza Atutxa Aldundiko Natura, ingurune eta nekazaritza diputatuak, Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak, Nora Beltran de Otalora Jaurlaritzako Elikagaien kalitate eta sustapenerako zuzendariak, Jose Antonio Zamalloa Bizkaiko sagardo ekoizle eta egileen elkarteko presidenteak eta sektoreko ekoizle eta hornitzaileek parte hartu dute, besteak beste. 

Lehenengo Txotx-a

Bestalde, barikuan, hilak 24, Sagardo denboraldiari hasiera emateko ekitaldia egingo dute. Lehen txotx-a Aitor Ariztegik egingo du. Ostean, Aissa Intxausti eta Unai Iturriaga bertsotan arituko dira, eta Etxebarria Aita semeak trikitilariek eta txalapartariek ere parte hartu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!