Zornotzako EH Bilduk helegitea ipini dio espazio publikoaren ordenantzari

Anboto 2025ko urt. 20a, 15:42

Kale Erabileraren ordenantzaren kontra egindako mobilizazio bat Zornotzan.

Koalizio subiranistak auzitegietara eraman du araudi berria, "formari eta edukiari loturiko akatsak" dituelakoan. 

Zornotzako EH Bilduk helegitea ipini dio Espazio Publikoaren eta Kaleko Salmentaren Ordenantzari. Euskadiko Auzitegi Nagusian ipini du salaketa, araudiak "formari eta edukiari loturiko akatsak" dituelakoan. "Gabezia" horiek nahikoa lirateke, koalizioaren berbetan betiere, ordenantzaren prozesua "hasieratik baliogabetzeko". EH Bilduk honako interpretazio legal hau egiten du ordenantzaz: "Araudi horrek izango duen eraginari buruzko azterketak ez ditu edukiari dagokionez legeak ezartzen dituen baldintzak betetzen; genero-eraginari buruzko txostena eta aurrekontu-txosten teknikoa ez zeuden hasieratik jasota, gure alegazioak aurkeztu ondoren gehitu zituzten, horien inguruko edozein emendakin egiteko aukera ukatuz", azaldu dute. Koalizioko Bego Atxa eta Gaizka Esparza zinegotziek Zornotzako EH Bilduren atari digitalean kaleraturiko elkarrizketan egin dituzte adierazpenok.

Espazio Publikoaren eta Kaleko Salmentaren Ordenantza iazko martxoan sartu zen indarrean, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen kontrako botoekin eta herri mugimenduko eragile ugariren ahots kritikoak ondoan. Auzitegiaren ebazpenak "luze" jo dezakeela eta, EH Bilduk kautelazko neurriak eskatuko ditu "epaia izan bitartean ordenantza bertan behera gera dadin". Era berean, prozesu parte hartzaile bat hasi gura dute "ordenantza herritar guztiekin (dendariekin, ostalariekin. gizarte-eragileekin, elkarteekin) lantzeko, hobetzeko eta adosteko". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!