Espazio Publikoaren ordenantza "bertan behera" uzteko eskatu dute Zornotzako manifestazioan

Anboto 2024ko eka. 1a, 11:33

Ordenantza Honi Ez plataformak deitutako manifestaziora batu ziren atzo ordenantzaren kontra dauden herritarrak.

Udalak esku artean daukan Espazio Publikoaren eta Kaleko Salmentaren ordenantzari desadostasuna adierazteko manifestatu ziren atzo Zornotzako kaleetan. Ez daude konforme ez ordenantza "prestatzeko moduarekin" ez eta "edukiarekin" ere, Ordenantza Honi Ez plataformako irakurketaren arabera. Ordenantzan jasota dauden arauak eta hauek izan ditzaketen ondorioak "oso kezkagarriak" iruditzen zaizkie.

Kezkarako adibide moduan ordenantzako hainbat puntu jarri dituzte. Esaterako artikulu bateko une batean 'Udalaren erantzuna eskatuta erabilera egin baino gutxienez 15 egun natural lehenago emango da, eta horrelakorik ezean, administrazio-isiltasunez ezetsitzat joko da' dioena. "Zilegia al da udalaren erantzun eza ezetza izatea inongo justifikaziorik gabe? Nola antolatuko dugu edozein jarduera ziurgabetasun honekin?", galdetzen dute plataformako kideek.

"Argi ikusten dugu ordenantza honek herritarron eskubideak urratzen dituela, herritarron askatasuna mugatzen duela. Eta aldiz, udalari neurrigabeko boterea ematen diola, erabakiak era arbitrarioan hartzeko eskumena emanez,  espazio publikoa pribatizatuz", salatu dute. Horregatik, ordenantza "bertan behera" uzteko eskatu dute, "ez dadila indarrean sartu".

Ordenantzaren kontra 1371 sinadura batu dituztela jakinarazi dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!