Bi bloketan banatu ditu EH Bilduk egindako ekarpen eta alegazioak. Alde batetik, formari dagozkienak aurkeztu dituzte: "Dokumentuak ez ditu jasotzen legeak agintzen dituen txostenak, hala nola, genero-inpaktuari dagokiona edota arau-eraginaren azterketari buruzko memoria", azaldu dute EH Bildutik. Bestetik, edukiari loturikoak sartu dituzte: "Euskara irizpideen falta dela eta, euskararen erabilerari eta hizkuntza paisaiari eragiten dizkioten ekarpenak batu ditugu. Horrez gain, arbitrariotasuna murrizteko irizpideak eskatu ditugu, eta baimenak eskatzen dituenari erraztasunak ematearen alde egin dugu. Amaitzeko, kaleko musikari eta ekitaldiei jartzen zaizkien debekuak eta oztopoak ezabatzeko eskatu dugu", azpimarratu dute.