"ANBOTO ezinbestekoa da Durangaldean"

Aitziber Basauri 2024ko aza. 15a, 08:30

Xiberu Taberna Anbotokide sareko kidea da iaztik. Txabi Emaldiaren ustez, oso garrantzitsua da ANBOTOren moduko euskara hutsezko proiektuak sostengatzea.

Zergaitik erabaki zenuen Anbotokide sarera batzea?
Xiberun hainbat egunkari dago eta garrantzitsua da euskarazko egunkari edo proiektuek ere euren lekua izatea. Berriako harpideduna naiz, eta ANBOTOkoa ere bai. Lehenengo egunetik jasotzen dut ANBOTO etxean eta tabernan. Gainera, Anbotokide ere banaiz; maila pertsonalean eta profesionalean babesten dut proiektua.

Zornotzan eta Durangaldean, zergaitik da garantzitsua ANBOTOren moduko proiektu bat izatea?
Hurbileko albisteak kaleratzen ditu, euskara hutsean. Garrantzitsua da hori. Eta tabernek jende asko batzen dute, eginkizun sozial bat betetzen dute. Bada, bezeroei euskaraz irakurtzeko aukera ematea oso garrantzitsua dela uste dut.

Anbotokide egitera animatuko zenuke?
Bai. Denok gara euskararen babesle eta euskararen aldekoak, teorian. Baina hori praktikara eramateko, norberak bere aletxoa ipini behar du. Euskara hutsean kaleratzen den astekari bat bultzatu eta lagundu egin behar dela uste dut, harpidedun edo Anbotokide eginez.

Zure ustez, zein funtzio betetzen du ANBOTOren proiektuak Durangaldean?
Oso funtzio sozial handia betetzen du, eta, euskaraz kaleratzen den astekaria izanda, eginkizun garrantzitsua du euskara bultzatzen. Ezinbestekoa da gurea lako eskualde batean horrelako proiektu bat izatea. Berria egunkaria dagoen moduan Euskal Herrian, Durangaldean ANBOTO izatea garrantzitsua da.

Zelan ikusten duzu ANBOTO? Zer duzu gustukoen?
Gustatzen zait ANBOTO irakurtzea. Elkarrizketa edo albisteren bat gustuko badut, denbora hartzen dut irakurtzeko. Eta, bestela ere, beti ahalegintzen naiz begiratutxo bat emten, gainetik bada ere. Hurbileko elkarrizketak gustatzen zaizkit gehien. Kontrazaleko elkarrizketak gustura irakurtzen ditut. Baita hurbileko albisteak ere, politikazkoak, gizarte arlokoak edo kiroletakoak.

Xiberuko gosariek arrakasta handia dute Anbotokideen artean. Gosari asko banatu duzu...
Bai! joan zen asteburuan Iurretako lagun bi etorri ziren, eta Atxondotik ere etorri dira. Zornotzan ezagutzen dute Xiberu, baina Durangaldeko beste herri batzuetan ere ezagutzeko modua da. Anbotokide izateak hainbat abantaila du. Pozik nago.

Beste ezer gehitu gura zenuke 1.000. alea dugun honetan?
Zorionak! Ea beste 1.000 ale kaleratzen dituzuen. Ezinbestekoa da, benetan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!