Udaletxean egindako "protesta bandalikoa" gaitzetsi du Zornotzako Udalak

Anboto 2024ko urr. 29a, 18:05

Goizaldean ezezagunek Zornotzako udaletxeko beirateak eranskinez bete dituzte; "gaztetxearen etsai" eta "soluzioa orain" leloak zituzten eranskinek. Hain zuzen ere, epaitegietan dago Matrailu gaztetxearen okupazioaren auzia. Udalak "protesta bandalikoa" gaitzetsi du ohar baten bidez, eta horrez gainera, elkarrizketarako eta akordiorako komunikazio desberdinak dituztela gogorazi gura izan die gaztetxeko kideei, "presio metodo horiek albo batera utzita".

Irailean Zornotzako Matrailu gaztetxeko kide bi epaitu zituzten Durangoko epaitegian. Eraikinaren jabeaz gainera, Zornotzako Udala ere egoeraren erantzule egin dute "jabearen alde lerratzeagatik". Osoko Bilkurara eraman zuten gazteek protesta. Udalak, baina, prozesuagaz "zerikusirik" ez duela erantzun zuen orduan, eta baita gaur ere beste ohar baten bidez. "Udalak ez du inolako liskarrik herriko gaztetxearekin, eta gatazka justiziaren esku dago, ez udalaren esku", azaldu dute. "Konfrontaziora edo bandalismora jotzen duen edozein protesta mota baztertzen dugu. Elkarrizketarako bidea beti egon da eta egongo da irekita modu eraikitzailean ekarpenak egin nahi dituztenentzat. Ez da gaztetxearen eta udalaren arteko gatazka bat, lokal baten jabearen eta gaztetxea okupatzen duten gazteen arteko gai pribatu bat baizik, justiziaren esku dagoena. Beraz, ekintza honen egileak hausnartzera gonbidatzen ditugu, eta udalak ezarritako bideak erabiltzera gonbidatzen ditugu beren kezkak eta proposamenak adierazteko, betiere modu zibilizatuan", gehitu du Ainhoa Salterain alkateak. 

Bestalde, Zuok egitasmoan parte hartzeko deia egin die gazteei beraien ekarpenak egiteko. "Prozesu horretan ez dugu gaztetxearekin lotutako iradokizunik jaso". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!