Espazio Publikoaren ordenantzaren kontra mobilizatuko dira Zornotzan

Anboto 2024ko mai. 29a, 10:21

Zornotzako herri mugimendua osatzen duten eragileek mobilizazio bat egingo dute udalak esku artean daukan ordenantza berriaren kontra. Barikuan Erreferendum Plazan egingo dute protesta, 18:30ean. 

Espazio Publikoaren eta Kale Erabileraren ordenantza berria arau "arbitrario, autoritario eta murriztailea" dela diote, eta desadostasuna adierazteko asmoz mobilizazioa egingo dute bariku arratsaldean. Hain zuzen ere, plataforma baten aterkipean batu dira herri mugimendua osatzen duten hainbat eragile: Ordenantza Honi Ez plataformaren bueltan. Eta diotenez, "aspaldidanik" dabiltza "udal gobernuaren jarrera autoritario eta arbitrarioak salatzen". Horien adibide modura ipini dituzte azaroaren 30an egin zen greba feminista orokorrari begira antolatu zuten "bazkariaren debekua", martxoan antolaturiko gazte egunean udalak "jarritako oztopoak" edo Korrika Zornotzara iristekoa zen egunean "AEKri kendutako seinaleak". Gobernu taldeak esku artean daukan ordenantza berria "norabide horretan" doala ulertzen dute. 

Eragileak kexu dira. Desados daude udalerrian ekitaldi bat antolatu ahal izateko bete beharko liratekeen baldintzekin. Udalak indarrean sartu gura dituen baldintzak "gehiegizkoak" direla diote. Ekitaldi bat antolatzerako unean memoria bat, muntaketa eta desmuntaketa ordutegiei buruzko xehetasunak, altzariei buruzko ezaugarriak eta aseguru polizak aurkeztu beharko dituzte, eta emandako lizentziak "edozein unetan baliogabetu" daitezkeela gaineratu dute.

Ordenantza Honi Ez plataformaren bueltan baturiko eragileak honako hauek dira: AEK, Nañon euskara taldea, Ernai, Suhaziak neska gazte taldea, Zornotzako talde feminista, Iraunkor, Matrailu gaztetxea, Zorber elkartea, Zornotzako Gazteak elkartea, Besue, Akelarre aniztasun taldea, M8 plataforma, Lutaber tabernarien elkartea, Belatxikieta elkartea eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!