Zornotzako hilerriko hobian identifikatutako lehen pertsonaren gorpuzkiak familiari entregatuko dizkiote ekitaldi batean

Aritz Maldonado 2024ko mai. 8a, 13:53

Koldo Bilbao zinegotzia eta Ainhoa Salterain alkatea.

Memoria Historikoaren Astea egingo dute Zornotzan maiatzaren 13tik 19ra bitartean. Datorren astelehenean ekitaldia egingo dute Zelaieta Zentroko audiorioan Zornotzako hilerriko hobian identifikatutako lehen pertsonaren gorpuzkiak haren familiari entregatzeko. Ekitaldian Nerea Melgosa Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Ainhoa Salterain Zornotzako alkateak, Aitor Miñambres eta Anton Erkoreka historialariek, eta Lourdes Herrasti Aranzadiko antropologoak eta Zornotzako desobiratze lanen arduradunak parte hartuko dute, besteak beste; 18:00etan egingo dute ekitaldia. Gaur egindako prentsaurrekoan, bigarren pertsona baten gorpuzkiak identifikatu dituztela aurreratu dute. 

"Gure memoria historikoaren babesa, iragana gogoratzeko ez ezik, etorkizuna eraikitzeko bidean dugun erantzukizuna ere bada, belaunaldi berriak hezteko eta iraganak duen garrantziaren inguruan sentsibilizatzeko modu bat, alegia, etorkizun justuago bat eraikitzeko", azaldu du Ainhoa Salterain alkateak. 

Memoria Historikoaren Astearen baitan, beste hainbat ekitaldi ere egingo dituzte. Besteak beste, Ikusezinak dokumentalaren hiru emanaldi eskainiko dituzte; maiatzaren 17an, 20an eta 23an izango dira emanaldiak. Maiatzaren 14an, ostera, Asisko Urmeneta historialariak Gora Euskal Herrientsak! hitzaldia eskainiko du. Amaitzeko, maiatzaren 18an Amorebieta eta Etxano herriak frankisten menpe geratu zireneko egunaren oroitzapen ekitaldia egingo dute, 12:00etan, Zornotza Kultur Elkarte Artistikoak antolatuta; Aranzadiren deshobiratze lanei buruzko berbaldia eskainiko dute bertan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!