MareAmore, emakumeen futbola sustatzeko klub berria sortu dute Zornotzan

Anboto 2024ko api. 19a, 14:20

Emakumeen futbolak aupada bat jaso du Zornotzan. Hainbat lagunen ekimenez, MoreAmore kluba sortu dute. Hutsune bati irtenbidea emanez, adin jakin batetik gorako neskei futbola herrian bertan praktikatzen jarraitzeko espazio iraunkorrak eta egitura finkoak eskaintzea ditu helburu.

Zornotzako Ikastxiki Futbol Eskolan eta Edurne Azpitarte, Irati Barrenetxea, Olaia Justo eta Irati Lejarraga entrenatzaileen ekimenean dago proiektu berriaren sorburua. Egitasmoak kezka bati erantzuten dio. Ikastxikik kimu eta haur-kategoriako taldeak ditu, baina adin horretatik aurrera neskek ez dute herrian futbolean jarraitzeko aukerarik. Futbola uztea ala kanpora joatea dira aukerak. Ez da arazo berria, urteetan luzatzen ari dena baino. Proiektu berriko sortzaileei berdina gertatu zitzaien bere sasoian. "Historia errepikatzen ari da urtez urtez 20 urte geroago. Haserregarria da nesken futbol-praktika asko emakume izateagaitik amaitzen direla pentsatzea", diote.

Horregatik, 2024-25 denboraldiari begira MareAmore Nesken Futbol Klubak kadete mailako emakumezkoen taldea sortuko du, 14 eta 18 urte arteko jokalarientzat. Gainera, emakumezkoen talde guztiak batzeko asmoz, Ikastxikik eta MareAmorek hitzarmena sinatu dute, kimu eta haur-kategoriak ere klub berri honen parte izan daitezen.

Emakumeen futbolak "gorakada handia" eman du Zornotzan azken urteetan. Horregatik, benjaminetatik beteranoetara, egitura bateratua duen kluba sortzeko "une egokia" dela uste dute.

Izen-ematea

Klub berrirako aurretiazko izen-ematea LOTURA HONEN bidez egin daiteke. Horrez gainera, gaur, apirilak 19, Larrea futbol zelaian egongo dira, 17:00etatik 18:30era, interesdunen dudak argitzeko. Instagram kontu bat ere sortu dute: @mareamorenfk.

Amorebieta futbol kluba

Jakitun dira SD Amorebieta emakumeen taldeak sortzen saiatzen ari dela, baina "ez dira fidatzen" klub horrekin, "jokalari ginenean ez genuelako esperientzia onik izan". "Hala ere, adostasunetara heltzeko elkartuko gara emakumeen futbola (berriro) ez zatitzeko", gaineratu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!