“Hasi nintzenerako, nire urterik onenak joanda zeuden, baina urte hauek topera aprobetxatu ditut”

Joseba Derteano 2022ko ira. 24a, 10:20

Edurne Azpitarte Agirregomezkorta (Garai, 1978) Beti Golen sorreran egon zen eta ametsa zuena errealitate bilhurtzeko aukera izan zuen: areto futbolean jokatzea. 38 urte zituen. Klubari dena eman dio eta klubetik asko jaso du. Aurten erretiratu egin da eta joan zen asteburuan omendu egin zuten.

 Pena ematen dizu erretiroa hartzeak?
Bai, jakina. Begira, pandemian erretiroa hartzekotan egon nintzen, baina taldekideek beste urtebete jarraitzeko eskatu zidaten, kantxan agurtu behar nintzela. Konbentzitu egin ninduten. Baina, abenduan, lesionatu eta meniskoa apurtu nuen. Adin bat ere badut eta banekien hortxe amaitu zela. Kantxan agurtzea ez zen posible izan.  

Joan zen asteburuko sorpresak arinduko zizun apur bat pena hori.
Zelako sorpresa! Ez nuen itxaroten eta oso hunkigarria izan zen. Torneo bat geneukan eta omenaldi bat egin zidaten. Taldekide guztiek nire kamiseta sinatu zidaten. Nire familia ere hantxe egon zen, itzela izan zen.

Zure omenaldian ere ez zinen geldirik egon.
Esatari lanetan aritu nintzen asteburu osoan. Gauza bat da kluba beste batzuek eramatea, baina beste bat guztiz desagertzea. Nik ahal dudanetan lagunduko diet.

Zure kasua kuriosoa da, lehenengo partidu ofiziala 38 urtegaz jokatu zenuen eta. Beterano baten debuta izan zen.
Kirola umetan deskubritu nuen, baina sekula ere ez dut izan talde batean serio jokatzeko aukerarik. Zelan hasi nintzen? Bada, alaba biak Andra Mariko ikastolan dabiltza eta hantxe hasi zen dena, eskolako patioan. Baloi bat ikusi eta jokatzeko gogoa sartzen zitzaidan. Beste ama batek esan zidan bera atezain izandakoa zela. Eta horrela hasi ginen batzen eta jokalari berriak bilatzen. Kluba 2016an sortu zen ofizialki.

Urte hauetan, itxaroten zenuen beste gozatu duzu?
Espero nuen baino gehiago. Asko gozatu dut. Azken batean, ni hasi nintzenerako, nire urterik onenak joanda zeuden, 38 urtegaz… Baina urte hauek asko asebete naute eta topera aprobetxatu ditut. Brometan beti esaten dut orain trankil hil naitekeela. 

Jokalaria ez ezik klubeko presidentea ere izan zara. Presidente jokalaria, alajaina! 
Inork ere ez zuen presidente izan gura, eta baten bat izan behar! Horregaitik hartu nuen kargua. Gero 'presi' deitzen zidaten denek. Taldeko kapitaina ere izan naiz. Eurek proposatu zidaten kapitaina izatea, eta nik, ba, denari baiezkoa. Baina ni beste bat gehiago izan eta sentitu naiz beti, ez inoren gainetik. 

Eta zein da uzten duzun legatua?
Oso lehiakorra den talde bat uzten dut. Adibide bat: asteburuko torneoa lehenengoz irabazi genuen, lau aldiren ondoren. Eta aurkariak ez ziren edozelangoak, liga goian amaitu zuten taldeak ziren. Denboraldi honetan sorpresa eman dezakegula uste dut. Zuzendaritzari dagokionez, Irati Lejarraga izango da nire ordezkoa, eta seguru nago bikain egingo duela. 

Urte hauetan, emakumeen areto futbolaren egoera bertatik bertara ezagutu duzu. Zelan ikusten duzu gaur egungo egoera? 
Alde batetik, gaur egun baditugu erreferentzia batzuk, futbolean bada ere: Athletic, Reala… Eta geroago eta ikusgaitasun handiagoa dute. Hor aurrerapausoak eman dira. Areto futbolean gatxagoa da. Esango nuke emakumezko talderik gehienak aurretik existitzen ziren gizonen klubetako adarrak direla. Hau da, gizonen kluba zegoen lehenengo, eta emakumeena sortu dute gero. Baina sorreratik bertatik emakumeena den klub oso gutxi dago; Bizkaian bi baino ez, eta geu gara euretariko bat. Lehen mutiletan gertatzen zena gertatzen da nesketan: futboleko etapa amaitzen dutenean hasten dira asko areto futbolean. Gakoa litzateke umetan hastea, beste kirol batzuetan lez. Eremu hori zelan indartu pentsatu beharko litzateke beharbada. 

Baduzu bereziki gogoan geratu zaizun partidu bat? 
Derbiak oso partidu politak izaten dira. Mendibeltz, Elorrioko Buskantza… partidu bereziak izaten dira. Hain zuzen ere, Elorrioko Buskantzaren kontra jokaturiko bat sekula ere ez dut ahaztuko. Beti Golen historiako lehenengo partidua euren kontra jokatu genuen, Elorrion, eta 17-0 galdu genuen. Talde hasiberria dagoeneko eginda zegoen baten kontra… beste maila bat zen. Bueltakoan, etxean, husna berdindu genuen. 

Jokalari lez, zelakoa izan zara? 
Egia esanda, ez naiz oso ona izan, baina jokatzea asko gustatu zait eta asko gozatu dut. Nire lana gehiago izan da animoak ematea, jendea motibatzea… alderdi mentala lantzen ahalegindu naiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!