Koldo Bikandi, Aingeru Bernaola eta Beñat Oregi dira eskualdeko ordezkariak bihar hasiko den Master Kaiola txapelketan

Anboto 2024ko api. 4a, 13:50
Txapelketan parte hartuko duten hainbat pilotari atzo Amorebieta IV pilotalekuan.

Iurreta, Mañaria eta Zornotzako pilotari bana lau eta erdiko txapelketa prestigiotsuan ariko dira.

Bihar ekingo zaio lau eta erdiko Master Kaiola txapelketaren IX. aldiari. Aurten ere afizionatu mailako gazterik onenetakoak etorriko dira Lagun Onak Pelota Elkarteak antolatutako txapelketara. "Pilotariak txapelketara etortzeko oso prestu egoten dira. Hori sari bat da guretzako eta lanean jarraitzeko indarra ematen digu", adierazi zuen Gorka Otaduyk atzoko aurkezpenean.

Gizonetan maila bi daude: 22 urtez azpikoa eta gazteena. Horrez gainera, emakumeen txapelketa ere antolatuko dute.

Durangaldeak hiru ordezkari izango ditu: Koldo Bikandi iurretarra eta Aingeru Bernaola mañariarra 22 urtez azpiko mailan, eta Beñat Oregi zornotzarra gazteetan. Bikandik aurrekanporaketa bi gainditu behar izan ditu txapelketara sailkatzeko. Lehenengoan 22-12 menderatu zuen Upo Mendia taldeko Iglesias; bigarrenean, 22-14 irabazi zion Zazpi Iturri taldeko Gorostidiri. Aingeru Bernaola, berriz, sasoi betean helduko da txapelketara. Joan zen astean Zumarragako Memorial Goñi pilota txapelketa irabazi zuen Ander Murua aurrelari arrasatearragaz batera. Final gogorrean 22-20 menderatu zituzten Igoa eta Garmendia. Laster Mallabiko Biharko Izarrak txapelketari ere ekingo dio Bernaolak. 

Durangaldeak laugarren ordezkari bat ere izan zezakeen, baina Faben Ituarte atxondarrak ezin izan zuen bigarren aurrekanporaketa gainditu. Lehenengoan 22-7 irabazi zion Txukun Lakua taldeko Ruizi; bigarrean 21-22 galdu zuen Oberena taldeko Sarasibarren kontra.

Emakumeen txapelketan lau pilotari ariko dira: Enara Gaminde eta Olatz Beitia bizkaitarrak eta Aizane Ibarrola eta Goiuri Zabaleta nafarrak. 

Astero jardunaldi bi jokatuko dira: bariku iluntzeetan (20:30) eta domeka arratsaldetan (17:00). Finalak ekainaren 2an izango dira.

APIRILAK 5, BARIKUA, 20:30

  • Gazteetan: Zabaleta (San Fco Javier) / Rekalde II (Txumuluxueta)
  • 22 urtez azpikoan: Apaolaza (Hernani) / Bilbao (Kurene)

APIRILAK 7, DOMEKA, 17:00

  • Gazteetan: Izagirre (Lapke) / Palacios (Txukun Lakua)
  • 22 urtez azpikoan: Lizeaga (Mundarro) / Bikandi (Olaburu)
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!