Urko Bullon zornotzarrak eta Aingeru Bernaola mañariarrak Biharko Izarrak txapelketa jokatuko dute

Anboto 2024ko mar. 19a, 15:30
Biharko Izarrak txapelketako antolatzaile, pilotari eta babesleak atzo Trabakua Behekoa jatetxean egindako aurkezpenean.

Afizionatuetako torneorik garrantzitsuenetakoak eskualdeko ordezkari bi izango ditu.

Afizionatu guztiek jokatu gura duten Biharko Izarrak pilota txapelketa hastear da. Mallabiko torneoak ondo irabazia du bere fama, promesarik onenek jokatzen dutelako eta, historikoki, bertan jokatutako askok profesionaletarako saltoa ematen dutelako. Eskaparate aparta da. Horregatik, poztekoa Durangaldeak aurten ordezkari bi izatea, iaz bat ere ez zuenean izan. Atzelari bi dira: Urko Bullon (Zornotza, 2005) eta Aingeru Bernaola (Mañaria, 2004).

Bullonek karanbola bati esker parte hartuko du Mallabian. Laster profesionaletan debutatuko duen Arkaitz Gabirondo gipuzkoarrak libre utzitako tokia beteko du. "Ilusio handia egiten dit hain txapelketa inportantean parte hartzeak. Entrenatzeko eta hobetzen jarraitzeko motibazioa bat da", adierazi du Berrizen bizi den zornotzarrak. Oraintsu Euskal Ligako finala jokatu du Xabi Rekaldegaz bikotea osatuz. Finala gutxigatik galdu (20-22) arren, liga bikaina egin dute biek.

Aingeru Bernaolak azken urtebetean gorakada nabarmena egin du eta ez da oharkabean pasatu. Iaz Abanca-Diario Vasco eta Olazar txapelketak jokatzeko deitu zioten eta aurten Biharko Izarrak-en estreinatuko da. "Nire lanagaz gustura geratzea dut helburu eta, gero, sailkatzea lortzen badut, bada, oraindino hobeto", adierazi du. Bihar, eguaztena, Zumarragako txapelketako finalerdia jokatuko du Ander Muruagaz batera.

Gizonen txapelketako datuak

Gizonen binakako txapelketan 16 pilotarik parte hartuko dute. Joko-sistema ohikoa da: partidutik partidura bikoteak aldatu egingo dira. Eskualdeko pilotari biek gustuko duten formatu da. "Pilotaria benetan nor den ikusten da eta finalera onenak heltzen dira", dio, esaterako, Bullonek.

Txapelketa apirilaren 4an hasi eta ekain hasieran amaituko da. Jardunaldiak eguenetan izango dira, 20:45etik aurrera.

Emakumeen lau eta erdikoa

Emakumeen lau eta erdiko txapelketa ere jokatuko da Enara Gaminde, Amaia Aldai, Miren Larrarte eta Leire Garai pilotariekin. Ligaxka formatuan jokatuko dute apirilaren 8tik maiatzaren 23ra. Kasu honetan ere ekain hasieran da finala, gizonenarekin batera.

XX. urteurrena

Biharko Izarrak sortu zenetik 20 urte joan dira. Antolatzaileek urteurrena ospatzeko ekimen bereziak antolatzeko asmoa dute, baina oraingoz ez dute ezer aurreratu, "sorpresak" egongo direla bakarrik.

Atzoko aurkezpenean parte hartu zuten Igor Agirre Mallabiko alkateak, Gotzon Enbil Euskadiko Pilota Federakuntzako presidenteak eta Enaitz Olaeta Bizkaiko Pilota Federazioko presidenteak. Denek Malle Euskal Pilota Klubeko antolatzaileen lana azpimarratu zuten.

Urko Bullon pilotaria.

Aingeru Bernaola pilotaria. (Argazkia:Julen Uribe)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!